Ekonomia -
Ontziola
Ontziolaren jabetzaren % 40 eskuratzea proposatu dute La Navaleko langileek
Langile batzordeak iragarri du "inbertitzaile" berriak izan litezkeela, jasoko dituzten kalte-ordainak horretan inbertituz gero. Guztira, lauzpabost milioi jarriko lituzkete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
La Naval ontziolaren enpresa batzordeko idazkari Juanjo Llordenek iragarri du, beharginek jasoko dituzten kalte-ordainekin, enpresaren % 40 eskuratu lezaketela. Horretarako, baina, gainerako % 60 erakundeek erosi beharko lukete.
Horixe da, hain zuzen, Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan Llordenek adierazi duena, atzo Madrilen Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin izandako bileren harira. "Ez zuten inolako irtenbiderik eman", salatu du.
"Triste, burumakur eta lotsatuta atera ginen atzoko bileratik, ezer egin ez dutelako", esan du atsekabetuta Llordenek bi gobernuei buruz mintzatuta.
Hitzorduan, azaldu du, enpresa batzordeak hainbat neurri proposatu zituen La Navalen itxiera saihesteko, besteak beste, Espainiako Gobernuak 'Vox Alex'a ontziaren eraikuntza Sestaon bukatzeko ahaleginak egitea edo, bestela, Navantiatik edo Frantziako ontzioletatik lan karga ematea.
Proposatutako beste aukeretako bat zen La Navalen likidazio fasea hastean, inbertsore pribatu batek lagunduta, erakundeek ontziola erostea.
Alabaina, egindako hiru proposamenen aurrean ez zutela konponbiderik eman kritikatu du.
Gauzak horrela, batzordeko ordezkariak iragarri du "inbertitzaile" berriak izan litezkeela, jasoko dituzten kalte-ordainak horretan inbertituz gero. Guztira, lauzpabost milioi jarriko lituzkete, alegia, jabetzaren % 40.
Gainerako guztia Eusko Jaurlaritzaren eta erakundeen esku geratuko litzateke. "Erantzun baten zain gaude", bukatu du.