Ekonomia -

Aurrekontuak

Urkullu: 'EH Bilduk ez du negoziatu nahi izan, itxurak egin baizik'

Negoziazioan koalizioaren jarrera “ez da zintzoa izan”, lehendakariak kritikatu duenez. Pentsiodunen “itxaropenekin jokatu” izana leporatu dio Urkulluk EH Bilduri.

Pedro Azpiazu, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu prentsaurrekoan
Urkullu: 'EH Bilduren jarrera ez da zintzoa izan'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrekontuen negoziazioan Eusko Jaurlaritzak “betiko ezker abertzalearekin” aurkitu dela egiaztatzea “etsigarria” izan dela esan du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. “Ez dute negoziatu nahi izan, itxurak egin bakarrik baizik”, kritikatu du.

Urkulluk Donostia Ospitalea bisitatu du gaur, erresonantzia magnetiko ekipo berria bertatik bertara ikusteko. Hitzaldia eman du bertan, Eusko Jaurlaritzak, ezohiko Gobernu Kontseiluan, 2019ko aurrekontu proiektua atzera bota eta 2018ko kontuak luzatzea erabaki ondoren.

Negoziazioan koalizioaren jarrera “ez da zintzoa izan”, Urkulluk deitoratu duenez. Lehendakariaren ahotan, irailaren 25ean Exekutiboak “eskumen eta ekonomia markoa argi utzi zuen”, eta orduz geroztik zazpi bilera egin dituzte. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak bost proposamen aurkeztu ditu batzarretan.

“Erantzukizunez jarrerak hurbildu ditugu eta eskakizunei erantzun diegu, baina azkenean etsigarria izan da, euren eskaerak asebete ditugunean, muturreko jarrera originaletara itzuli direlako”, aurpegiratu du Urkulluk. Buruzagiaren hitzetan, EH Bilduk “ez du negoziatu nahi izan, plantak egin bakarrik baizik”.

“Fede oneko” pentsiodunen “itxaropenekin jokatu” izana egotzi dio Urkulluk koalizioari, nahiz eta “jakin sekula ez dela gai hori negoziatu”, Jaurlaritzaren eskumena ez delako.

“Sekula sortu behar izan ez zituzten itxaropenak zapuztu dituzte, eta emaitza Euskadi aurrekonturik gabe geratzea izan da; pertsona askok zailago izango dute”, nabarmendu du.

Urkullu: "Sekula sortu behar izan ez zituzten itxaropenak zapuztu dituzte"

“EH Bilduk oinak euskal errealitatearen gainean jarri barik jarraitzen duela egiaztatzea etsigarria da”, ondorioztatu du lehendakariak. “Betiko ezker abertzalearekin” aurkitu direla errepikatu du agintariak.

Eusko Jaurlaritzak “aurrekontuen lege osagarri bat onartzea” aztertuko duela erantsi du lehendakariak. Urkulluk gogorarazi duenez, aurrekontuen “luzapen bat dramatikoa izanen ez” zela ohartarazi zuen. Zentzu horretan, “luzatutako aurrekontuak hobetzeko eta gizarte osoaren beharrizanei erantzun bat emateko gaitasuna” badagoela gaineratu du.

Bestalde, aurrekontuen luzapenaren "mugak" azpimarratu ditu Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, baina, aldi berean, lasaitasun mezua zabaldu die herritarrei, Eusko Jaurlaritzak muga horiek "arintzen" saiatuko baita. Halaber, "desleialtasuna" eta "jokabide lizuna" egotzi dizkio EH Bilduri.

"Eusko Jaurlaritzak beharrezko mekanismoak ditu, juridikoak eta aurrekontuei dagozkienak, herritarren ongizatea eta garapen ekonomikoa bermatzen jarraitzeko", esan du Azpiazuk.

 

 

2019rako aurrekontuak ez dituztela ikusita Gobernuan jarraitzeko asmoa ote duten galdetuta, Azpiazuk esan du ez dagoela zalantzarik, eta "aurrekontuen luzapena gobernu askotan ematen ohi den gauza arrunta dela" esan du.

Bestalde, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordeak azaldu duenez, aurtengo aurrekontua luzatzeko erreferentzia gisa Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak 2018ko abenduaren 31n adostutako ekarpenak mantenduko dituzte; horren arabera, 300 milioi euro gastatzeko marjina daukate.

 

Azpiazu: "Ez da zintzotasunik egon, ezta formatan ere. Euren barruko hausturen ondorioz, euren jarreren alderdi erradikalenak oztopatu egin du Euskadirentzat ona zen akordioa"

 

Hori horrela, lehendakaria buru duen eta EAJ eta PSE alderdiek eusten duten Jaurlaritzak lanean jarraituko duela esan du Azpiazuk. "Egiten dakigun bezala. Helburu argiekin, errealistekin eta bideragarriekin, konpromisoarekin. Arduraz. Jaurlaritza batek egin behar duen bezala", gaineratu du.

Bestalde, EH Bilduren jarrera kritikatu du, ez abitu inolako ardurarik erakutsi Aurrekontuen Lege Proiektu osoaren aurrean. Euren konpromisoa kolektibo jakin batetan zentratu dela azaldu du, eta neurri txikiagoan beste kolektibo batzuetan, gazteak eta langabezian denbora asko daramatenak, esaterako.

Azpiazuren esanetan, EH Bilduren jarrera ez da bateragarria negoziatzeko benetako borondatearekin. "Ez da zintzotasunik egon, ezta formatan ere. Euren barruko hausturen ondorioz, euren jarreren alderdi erradikalenak oztopatu egin du Euskadirentzat ona zen akordioa", gaineratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontuen azken ordukoa