Ekonomia -
IRPF
Abenduaren amaieran itzuliko du Bizkaiak amatasun eta aitatasun bajen PFEZa
Guztira, 22.833 lagunek jasoko dute bueltan PFEZ atxikipena hilabete honetan. Batezbeste, 1.143 euro jasoko du erreklamazioa egin duen pertsona bakoitzak.
Agencias | Redacción
Abenduaren amaieran, guztira, 32,8 milioi euro itzuliko dizkie Bizkaiko Foru Ogasunak 2014 eta 2017 artean amatasun eta aitatasun baja hartu eta PFEZ atxikipena jasotzeko erreklamazioa egin zuten 22.833 lagunei.
Aurretik, atxikipen horrengatik jasoko duten zenbatekoaren berri izango dute onuradunek. Horrekin batera, diru-laguntza jaso zutenean egindako errenta aitorpenaren zuzenketa bidaliko die Ogasunak.
Zuzenketa horiek egiteko, Ogasunak errenta aitorpen berri bat egin du pertsona bakoitzeko, Gizarte Segurantzak emandako amatasun eta aitatasun sariak oso-osorik ordainduta, hots, atxikipenik gabe. Esan bezala, abenduaren amaieran jasoko dute onuradunek dagokien diru kopurua, bakoitzak bere kontu korrontean.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak ohar baten bidez azpimarratu du "dirua lehenbailehen itzultzeko ahalegina" egiten ari direla. Hori horrela, lehenengo ordainketa erreklamazio eredua eskuragarri jarri eta bi hilabetera egingo dute, "Ogasunaren lan erritmoa asaldatu duen prozesu konplexu baten ondotik",
26.594 erreklamazio
Urriaren 23tik, 26.594 lagunek eskatu dute amatasun eta aitatasun sariengatik atxikitakoa itzultzeko. Kasu gehienetan, horretarako propio prestatutako informatika programa bat erabilita bideratu dituzte eskaerak.
Alabaina, 3.761 erreklamazio eskuz kudeatu beharko dituzte, atxikipen bat baino gehiago duten, eskaera bat baino gehiago aurkeztu duten edota PFEZ atxiki ez zitzaien zenbait pertsona daudelako tartean.
Gainera, 371 kasutan Ogasunak ondorioztatu du komenigarriagoa dela errenta aitorpen bateratua egitea.
Nolanahi dela ere, kasu guzti horiek bideratuta daude dagoeneko.
Erreklamazio gehiago aurreikusi dituzte
2014 eta 2017 artean amatasun eta aitatasun saria jaso zutenen erdiek soilik egin dute eskaera. Hori dela eta, oraindik ere, erreklamazio gehiago jasoko dituztela aurreikusi du Ogasunak. Denbora tarte horretan, Bizkaian 49.640 lagunek jaso zuten saria; guztira, 229,8 milioi euro. Horrek esan nahi du 21,7 milioi euro atxiki zizkietela.
Ogasunak ateratako kontuen arabera, Bizkaian, orotara, 45 milioi euroko kostua izango du amatasun eta aitatasun bajen PFEZ atxikipena itzultzeak.