Ekonomia -
Lan-gatazka
Lehendabiziko greba egin dute Bizkaiko bulego eta langeletako sektorean
ELAk greba mugagabea deitu du, lan-hitzarmen duin bat aldarrikatzeko, eta lehen lanuztearen jarraipena "garrantzitsua" izan dela esan du. 23.000 langile ari dira sektore horretan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehen greba eguna egin dute gaur, abenduak 12, Bizkaiko bulego eta langeletako sektorean, ELAk deituta, lan-hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Lehen lanuztearen jarraipena "garrantzitsua" izan dela azpimarratu du, eta aurrez deitutako beste greba batzuk baino jendetsuagoa izan dela zehaztu du.
Lanuzteak batez ere Entelgy Ibai, Sarenet, Customer, Works, Semantic eta Serikat enpresetan izan du eragina.
Sektore horretako lan-hitzarmenaren negoziazioan CEBEK patronala erakusten ari den jarrera gogor kritikatu du. Bizkaiko bulego eta langeletako sektorean 23.000 pertsona ari dira lanean, gehienak Iberdrola, Randstd, BBVA edo Lantik-Aldundia konpainia handiek azpikontratatuta, ELAren arabera.
Lehen greba egun honetan, langileek manifestazioa egin dute Bilbon lan-hitzarmena eskatzeko. 1.000 lagun inguru elkartu dira bertan.
Akordiorako borondatearekin negozia dezala eskatu dio ELAk patronalari. Murrizketak amaitzea, soldatak ez izoztea eta lan-hitzarmena betetzea eskatzen du sindikatuak.