Ekonomia -
Urteko balantzea
5 milioi bidaiariren marka ondu du Bilboko Aireportuak
Urtarriletik azarora Loiun izan diren joan-etorriek % 9,9 egin dute gora, iazko datuekin alderatuta. Guztira, 5.087.547 bidaiarik erabili dute Bilboko Aireportua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Aireportutik igaro den bidaiari kopuruak 5 milioiko marka ondu du 2018ko azaroan. Horrek esan nahi du inoizko bidaiari gehien izan dituela aurten Loiuk.
Aireportuko iturriek jakitera eman dutenez, azaroan % 11,7 egin du gora kopuru horrek. Guztira, 420.711 joan-etorri zenbatu dituzte aurreko hilabetean.
Urtarriletik azarora arteko balantzeak, berriz, % 9,9ko igoera erakutsi du, bidaiari kopuruari dagokionez. Izan ere, 5.087.547 bidaiarik aukeratu dute Loiu joan-etorrietarako.
Estatu mailako hegaldien datuak ere eman dituzte gaur, eta % 13ko hazkundea izan du azaroan; hots, 261.928 bidaiarik hautatu dute Loiu. Nazioarteko trafikoak, bestalde, 157.435 bidaiari zenbatu ditu.
Bukatzeko, hegaldi kopuruak ere gora egin du azaroan: % 12,1, hain zuzen ere. Horrenbestez, 3.970 desplazamendu egon dira hilabeteko epean, eta 46.319 urte osoan zehar (iaz baino % 5,9 gehiago).