Ekonomia -

LANUZTEAK

Bizkaibuseko eta Bilbobuseko lanuzteek jarraipen 'zabala' izan dute

Bilbobuseko 700 bat langilek manifestazioa egin dute Elorrietako garajeetatik. BioBide enpresa emakidadunari negoziazioa eskatu diote.

Bilbobuseko autobus bat. Argazkia: Bilboko Udala
Bilbobuseko autobus bat
Bizkaibus eta Bilbobuseko langileek greba egin dute

1:27

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbobuseko eta Bizkaibuseko langileek lanuzteak egin dituzte goizean. Sindikatuen hitzetan, lanuzteek jarraipen “zabala” izan dute, eta ez da aparteko arazorik izan.

ELAko bozeramaile batek azaldu duenez, lanuzteen jarraipena “zabala izan da, aurreko jardunaldietan bezalaxe”. Bilbobuseko 700 bat langilek manifestazioa egin dute Elorrietako garajeetatik. BioBide enpresa emakidadunari negoziazioa eskatu diote.

7:30etik 11:30ra lanuztea egin dute Bilbobusen. Soilik autobusen % 30ek eman dute zerbitzua, gutxieneko zerbitzu bezala, alegia.

Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa aldarrikatzen dute Bilbobuseko beharginek, 2017ko bukaeran bertan behera geratu baitzen. Era berean, murrizketarik ez izatea eta segurtasun neurriak hartzea eskatzen dute, besteak beste, erasoei aurre egiteko. Bestalde, lanpostura heltzeko eta bertatik alde egiteko garraioa nahi dute langileek.

Bizkaibusen, 7:30etik 9:30ra egin dute lanuztea EMBko beharginek (Ezkerraldea eta Enkarterriko ibilbideak). Pesalurreko langileek (Durangaldea, Nerbioi eta Arratia), aldiz, lau orduko lanuztea egin dute.

Egoera konpontzeko lanean ari direla ziurtatu du Miguel Angel Gomez Viar Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesio foru diputatuak, baina “gauzak, zoritxarrez, motel doaz”.

Egoera “lehenbailehen” konpontzeko borondatea agertu du Gomez Viarrek, erabiltzaileen eragozpenak saihesteko. “Etengabe harremanetan” direla azpimarratu du diputatuak.

Bigarren protesta astea Bilbobusen

UGT, CCOO, USO, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, eta hitzarmen kolektiboa eskatzea helburu, Bilbobuseko langileek bigarren lanuzte asteari ekingo diote gaur.

Langileak abenduaren 3ko astean hasi ziren mobilizazioekin; hain zuzen ere, bi orduko lanuzteak egin zituzten aste horretako astelehenean eta asteazkenean, bai goizean baita arratsaldean ere, eta jarraipena erabatekoa izan zen, enpresa-batzordeak emandako datuen arabera.

Mobilizazioek ondorengo bi asteotan izango dute jarraipena, astelehen, asteazken eta ostiraletan (abenduaren 10ean, 12an, 14an, 17an eta 19an), lau orduko lanuzteekin: goizeko txandan, 07:30etik 11:30era, eta arratsaldekoan, 17:30etik 21:30era. Abenduaren 21ean, San Tomas egunean, berriz, greba 24 ordukoa izango da.

BILBOBUS PARO lanuztea EITB

ETBren bideo batetik ateratako irudia

Lanuzte horiekin, Bilbobuseko langileek hauek eskatzen dizkiote BioBide enpresari: hitzarmenaren negoziazioa (2017ko amaieran galdu zuen indarra), murrizketarik ez egotea, eta erabakiak hartzea laneko segurtasun eta higiene alorretan. Azken horien artean, neurri "eraginkorrak" eskatzen dituzte, erasoei aurre egiteko, eta langileak lan egitera joaten diren eta bertatik alde egiten duten bitartean.

UGTk enpresa-batzordean dituen iturriek Europa Pressi adierazi diotenez, asteartean bilduko dira enpresaren ordezkariekin, eta "negoziatzeko borondatea" erakutsiko dute bertan.

Bizkaibuseko lanuzteak abenduan

Azaroko protestez gain, abendurako ere deitu dituzte lanuzteak Bizkaibuseko ibilbide batzuetako beharginek. Besteak beste, 24 orduko greba egingo dute abenduaren 21ean, San Tomas egunean, EMB eta Pesalur enpresek negoziazio mahaian blokeoa ezarri dutela salatzeko. Esan bezala, Bilbobuseko langileek ere egingo dute greba San Tomas egunean.

Ezkerraldean eta Enkarterrin zerbitzua eskaintzen duten Ezkerraldea Meatzaldea Buseko langileek abenduan txanda bakoitzeko bi orduko bost lanuzte egitea erabaki dute. Abenduaren 10ean, 11n, 13an, 17an eta 20an egingo dituzte.

Pesalur enpresako langileek, aldiz, 4 orduko lanuzteak egingo dituzte abenduaren 10ean, 13an eta 17an Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian eskaintzen duten autobus zerbitzuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Azken ordukoa Bizkaia Grebak Ekonomia Bizkaibus berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Bilbobus azken ordukoa Lan gatazkak Garraio komuna gaur