Ekonomia -
Euskal Aurrekontuak 2019
Aurrekontuak onartzeko 'esfortzua' egingo du Urkulluk, horretan 'tematuta' dagoelako
Lehendakariak esan duenez, legealdia hasi zuten unetik, Jaurlaritzaren lehentasunen artean egon da Aurrekontuak onartzea. Horregatik, "hiru puntutan" oinarritutako "negoziazio irekia" eskaini du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du, Aurrekontuak onartuak izan daitezen, Eusko Jaurlaritzak negoziatzen jarraituko duela, "esfortzu handiena" eginda eta "politika ekonomiko eta soziala" bermatzeko helburuarekin.
Bilbon emandako prentsaurrekoan Urkulluk esan du "herritarren bizi baldintzak eta aukerak hobetuko dituzten ekimenetara ideia politikoak bideratzeko erreminta" direla Aurrekontuak.
"Uste dugu beharrezkoa dela Aurrekontuek Jaurlaritzaren lehentasunekin eta helburuekin bat egitea, asmo horien lorpenean lagun dezaketelako. Aurrekontuek orientazio estrategikoa izan behar dute, politika publikoen garapenerako. Horretarako, Jaurlaritzaren programaren bi oinarri nagusietara eta giza garapenerako dugun ereduaren jasangarritasunera bideratu behar dira", azaldu du.
Urkulluren hitzetan, legealdia hasi zuten lehenengo egunetik, Jaurlaritzak "lehentasunen artean" izan du Aurrekontuen afera. Hori dela eta, "hiru puntutan" oinarritutako "negoziazio irekia" eskaini du.
Puntu horietako bat "errealismoa" da, "planteamendu boluntaristak edota muturrekoak" saihestu nahi dituztelako, "melankolia eta frustrazioa" eragin dezaketela iritzita.
Bestalde, "zorroztasunez" eta "arduraz" jokatzeko beharra azpimarratu du, "defizitarekin, zor publikoarekin eta gastu arauarekin lotutako helburuak beteko direla bermatzeko" eta "Aurrekontuetatik haratago doazen gaiak edo Euskadiri ez dagozkion kontuak saihesteko".
Gauzak horrela, Aurrekontuak onartzeko "nahia" erakutsi du, Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta sozialaren funtsezko bost esparruak finkatuko dituelakoan.
Ildo horretan, Urkulluk adierazi du "akordiorik ez badago" Jaurlaritzak bilatzen dituen "erronkak" zapuztu egingo direla.