Ekonomia -
ERREGAIEN PREZIOEN IGOERA
Goiz korapilatsua AP-8an, 'txaleko horiek' Biriatun egindako protesten ondorioz
Asteburuan ere arazoak izan dira. Frantziako Gobernuak igandez Biriatuko ordainlekua igarotzen utzi zien kamioilariei, larunbatean 'txaleko horiek' muga blokeatu baitzuten.
EITB.EUS
'Txaleko horiak' kalera atera dira berriro astelehen honetan, mugako zirkulazioa oztopatzeko. Mugimenduko kideek mobilizazio ugari egin dituzte asteburuan Frantzia osoan, erregaien prezioen igoeraren kontra.
Goizeko lehen orduan, "txaleko horiek" kamioei muga igarotzea eragotzi diete eta kamioilariak harrapatuta gelditu dira. Ilarak 8 kilometrokoak izatera iritsi dira.
Goiz erdian, lau kabina ireki eta kamioiak bertatik igarotzen hasi dira eta ilarak nabarmen murriztu dira, ia desagertzeraino.
Dena den, eguerdian, istripua izan da AP-8 autobidean Irunen, Baionarako noranzkoan, eta horrek egoera korapilatu du. Ezbeharra Behobiako irteeran gertatu da. 13:00ak baino minutu batzuk lehenago, ilarak 9 kilometrokoak ziren.
Larunbatean, 'txaleko horiek' Biriatuko ordainlekua blokeatuta izan zuten goizetik 17:30era arte, eta, ondorioz, ilara luzeak sortu ziren. Arazo horien aurrean, eta salbuespen gisa, Frantziako Gobernuak muga zeharkatzen utzi zien igandean kamioiei.