Ekonomia -
Lanuzteak
Erabateko erantzuna izan du Bilbobus zerbitzuaren lehen lanuzteak
Arratsaldean, 17:30etik 19:30era egingo dute lanuztea berriro. Halaber, beste zazpi greba egun deitu dituzte abendurako.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbobus enpresako langileek goizeko lanuzteari emandako erantzuna erabatekoa izan dela esan du UGT sindikatuak. Lehen egunean, lau orduz egingo dituzte lanuzteak lan-hitzarmen berria eskatzeko, txanda bakoitzeko bi orduz: goizean, 07:30etik 09:30era, eta arratsaldean, 17:30etik 19:30era.
UGTko enpresa batzordearen arabera, zerbitzuaren lehen orduak "lasai" igarotzeaz gain, ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete dira.
Guztira, 600 langile daude grebara deituta, eta Bilbobusek dituen 90.000 erabiltzaileri eragingo die.
Lanuzteekin batera, mobilizazioak egingo dituzte Bilbon. Zehazki, bi manifestazio egingo dituzte: bata goizean, 08:15ean, eta bestea arratsaldean, 18:15ean.
Aste honetan bertan, asteazkenean, bi orduko lanuzteak egingo dituzte berriro txanda bakoitzeko (07:30-09:30 eta 17:30-19:30).
Abenduaren 10ean, 12an, 14an, 17an eta 19an, berriz, txanda bakoitzeko lau ordukoak izango dira lanuzteak, eta, azkenik, abenduaren 21erako (San Tomas), egun osoko greba deituko dute.
Langileek hainbat gauza aldarrikatzen dituzte, hala nola lan-hitzarmen berria negoziatzea eta zerbitzuaren "murrizketa etengabeak" baztertzea. Izan ere, enpresa zuzendaritzarekin sinatutako azken hitzarmenak iaz utzi zion indarrean egoteari. ELAko ordezkariaren esanetan, orain arte egindako bilera guztietan, zuzendaritza ez da adostasuna lortzeko prest agertu.