Ekonomia -
Aurrekontuak 2019
EH Bilduk 858 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko eskatu dio Jaurlaritzari
Bestalde, osoko zuzenketa bat eta 450 partzial aurkeztu dizkio Elkarrekin Podemosek 2019ko aurrekontu proiektuari. PPk osoko zuzenketa bat eta 500 partzial baino gehiago aurkeztu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Aurrekontu proiektuari zuzenketa partzialak aurkeztu dizkio ostiral honetan EH Bilduk. Horrekin lortu nahi dutena da Euskal Autonomia Erkidegoko pentsiodunei 858 euroko gutxieneko soldata bermatzea, eta etorkizunean 1.080 eurora igotzea.
Iñigo Urkulluren Gobernuarekin Aurrekontuen inguruan negoziatzen dabilen koalizio abertzaleak ez ezik, Elkarrekin Podemosek eta PPk ere osoko zuzenketak eta zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte.
EH Bilduko parlamentari Leire Pinedok ziurtatu du "egiazko akordio zintzoa" lortzeko asmoz aurkeztu dituztela zuzenketak, eta baieztatu du ez luketela Jaurlaritzaren "ezezkoa" ulertuko, "pentsio baxuak jasotzen dituzten pertsonen bizitza hobetzera ukatuko litzakeelako".
Horregatik, Jaurlaritzak EH Bilduren proposamena onartzen ez badu, Aurrekontuen "kontra" bozkatuko dutela ohartarazi du. Horrenbestez, ezingo lituzkete Aurrekontuak onartu, Jaurlaritzak ez baitu horretarako babes nahikorik.
Orotara, 19 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio EH Bilduk proiektuari: enplegura 70 milioi euro eta pentsioetara 163 milioi euro bideratzea, besteak beste.
Horrek esan nahi du 233 milioiren erabilera aldatu beharko lukeela Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta 48 milioi euro soilik aldatzeko asmoa erakutsi duen.
Zehazki, pentsiodunek hilero, gutxienez, 858 euro jasotzea planteatu dio EH Bilduk. Horretarako, diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez, pentsioak osatzea proposatu diote.
Horretarako, Patxi Lopezen Gobernuak ezarritako % 7ko "murrizketa" indargabetu beharko lukete. Modu horretan, 732 eurotik 858 eurora igoko litzateke gutxieneko pentsioa.
Elkarrekin Podemosek 450 zuzenketa partzial aurkeztu ditu
Osoko zuzenketa bat eta 450 partzial aurkeztu dizkio Elkarrekin Podemosek 2019ko aurrekontu proiektuari. 320 milioi euroko aldaketa planteatzen dute proposamenok, besteak beste, Naval “erreskatatzeko” 15 milioiko ekarpena eta zonalde behartsuenak biziberritzeko 30 milioi euro gehiago.
Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak azaldu duenez, koalizio morearen zuzenketek Eusko Jaurlaritzako kontuen “norabide” aldaketa erdietsi nahi dute.
450 zuzenketa partzialek aurrekontu-sailetan aldaketak planteatzen dituzte; konkretuki, 320 milioi euroko aldaketa.
Euskadiko zonalde behartsuenetan neurriak martxan jartzeko 30 milioi gehiago bideratu nahi ditu Elkarrekin Podemosek: Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri Bizkaian, eta Oarsoaldea eta Debagoiena Gipuzkoan.
PPk 550 milioi euroko aldaketak proposatu ditu
Bestalde, PPk osoko zuzenketa bat eta 500 partzial baino gehiago aurkeztu dizkio 2019ko aurrekontu proiektuari. Egitasmoa “berez txarra” dela uste du, baina Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu akordio batera heltzen baldin badira “okerra” egin dezake, koalizioaren proposamenak onartzen baldin badituzte kontuak aurrera ateratzeko.
Anton Damborenea PPren legebiltzarkideak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, aurkeztutako proposamenak azaltzeko.
500 zuzenketa partzial baino gehiago aurkeztu dituztela esan du Alderdi Popularreko ordezkariak. Horrela, 300 milioiko aldaketa “zuzenak” planteatu dituzte, eta beste 250 milioi “zeharkakoak”.
Damborenearen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak azken bi urteetan PPrekin adostutako aurrekontuak “ez ditu bete”.
Gainera, kontuen izaera “tranposo” eta “elektoralista” salatu du; izan ere, langile publikoen soldatak % 2,25 gora egitea aurreikusten dute, baina “legez kanpokoa” da, hori Estatuaren oinarrizko legediak arautzen duelako, eta egun % 1,5eko soldata igoera egiteko asmoa du Espainiako Gobernuak.
Azkenik, Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu akordio batera heltzen baldin badira eta kontuak aurrera ateratzeko koalizioaren proposamenak onartzen baldin badituzte, aurrekontuek “okerrera” egingo dute, nahiz eta “berez txarrak izan” dagoeneko, ohartarazi duenez.