Ekonomia -
2019KO AURREKONTUAK
EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari
EH Bilduren erabakia aintzat hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta "behin betiko akordio bat bilatzeko" koalizioarekin "lanean" jarraituko duela ziurtatu du, aurrekontuak "epe barruan onartu ahal izateko".
AGENTZIAK
EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko 2019ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari.
Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek gaur goizean Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko —ostegunean amaitzen da horretarako epea—, eta Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraituko duela erantsi du.
Iriarteren hitzetan, oposizioko lehen indarrak "beste aukera bat" emango dio gobernuari, "bere jarrera alda dezan".
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, Gobernua pentsiodunen aldarrikapenetatik "urrun" dago. Dena den, EH Bilduk ez ei du etsiko.
Maddalen Iriarteren esanetan, Gobernuaren teilatu gainean dago pilota, eta Gobernuari dagokio "pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko nahikoa izango den eskaintza aurkeztea". Pentsio txikienentzako partidak handitzea eskatu du; izan ere, bestela, "ez da Aurrekonturik izango". Exekutiboa "egiteko prest ez baldin badago", EAJk eta PSE-EEk "euskal herritarrei azalpenak eman beharko dizkiete".
Iriartek zehaztu duenez, zuzenketa partzialak aurkeztuko dituzte. "Gure aurrekontu eskaintzaren bi ardatzak islatuko ditugu bertan: pentsioak igotzeko dirua bideratzea eta osagarriak lortzeko baldintzak malgutzea", adierazi du.
EH Bilduren erabakia aintzat hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta "behin betiko akordio bat bilatzeko" koalizioarekin "lanean" jarraituko duela ziurtatu du, aurrekontuak "epe barruan onartu ahal izateko".
Gainera, "posible den heinean, eskumen markoaren barruan eta zentzu ekonomikoarekin; EH Bilduk eskatutako esparruetan" testuan neurriak barneratzen saiatuko dela aurreratu du.
EH Bilduren erabakia "positiboa" dela esan du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Jaurlaritzaren izenean, agiri batean.
Exekutiboak zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk "behin betiko akordio baten bila lanean jarraitzeko bide ematen du" erabakiak, kontuak "epe barruan onartu ahal izateko".
Azpiazuren ahotan, osoko zuzenketa bat ez aurkezteak "aurrekontuen negoziazio proposamenaren aurkako erabateko oposizio bat ez dagoela esan nahi du".
Exekutiboak aurrekontuak "epe barruan eta forman onartzeko borondate irmoa" duela ziurtatu du Ogasun eta Ekonomia sailburuak, “hazkundea bermatzeko, inbertsioa bultzatzeko, enplegu aukerak sortzeko, oinarrizko zerbitzuak eta ongizate sistema bermatzeko positiboak direlako". "Horregatik, Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko eta akordioa lortzeko prest jarraitzen du", azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritza eta EH Bilduren negoziatzen ari diren bitartean, Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularra 2019ko Aurrekontu proiektuaren aurkako osoko zuzenketak lantzen ari dira.
EFE berri-agentziak zabaldu duenez, ostiral eguerdia baino lehen –orduan amaitzen baita epea- erregistratuko dituzte osoko zuzenketak Eusko Legebiltzarrean.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin izandako elkarrizketak porrot egin ostean, Elkarrekin Podemosek eta Alderdi Popularrak egitasmo horren kontra egingo zutela iragarri zuten.
Osoko zuzenketak eztabaidatzeko eta bozkatzeko osoko bilkura abenduaren 11an egingo dute. Lege-proiektuak aurrera eginez gero, proiektua Legebiltzarreko Mahaian izango da hilaren 18an, eta Aurrekontuak eztabaidatzeko eta bozkatzeko saioa abenduaren 21ean deituko dute.
2017an eta 2018an, PPren abstentzioari esker atera ziren aurrera Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuak.