Ekonomia -
23.000 langile
Bizkaiko bulego eta lan-geletako sektorean greba mugagabea deituko du ELAk
“Patronalaren egoskorkeriaren aurrean, sektorean greba mugagabea hasteko egunaren berri” emateko prentsaurrekoa deitu du sindikatu abertzaleak asteazken honetarako.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko bulego eta lan-gela sektorean greba mugagabea deituko duela iragarri du ELA sindikatuak, hitzarmen kolektiboa aldarrikatzeko. 23.000 bat beharginek lan egiten dute sektorean.
“Patronalaren egoskorkeriaren aurrean, greba mugagabea hasteko egunaren berri” emateko eta sektorearen egoera aztertzeko prentsaurrekoa deitu du sindikatuak asteazken honetarako.
Bizkaiko bulego eta lan-geletarako hitzarmena negoziatzeko mahaiak 19. bilera egin du astearte honetan.
Azkenaldian mobilizazioak egin dituzte sektoreko langileek, sindikatu ezberdinek deituta, lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko.
Negoziazioan “enpresen errealitatearekin zerikusirik ez duten iraganeko jarrerak” mantentzea leporatu zion iragan astean Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteak ELAri. Cebeken ahotan, ELA ez dago “hitzarmen kolektibo berriaren edukia” beharrizanetara “egokitzeko” prest.