Ekonomia -

Atzeraldia

Laboral Kutxak EAEko hazkunde aurreikuspena jaitsi du

Kreditu-kooperatibak uztailean aurreikusitako % 3,2 azpitik haziko da ekonomia, urteko bigarren zatian abiadura moteldu baita.

Kaskoak. Argazkia: Pexels.com
Kasko horiak eta berdeak
Kaskoak. Argazkia: Pexels.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laboral Kutxak EAEko hazkunde aurreikuspena jaitsi, eta uztailean egindako % 3,2ko hazkunde aurreikuspena ez dela beteko esan du.

Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak eta Oriol Aspachs CaixaBankeko Ikerketa arduradunak Adypek antolatutako ekitaldi batean parte hartu dute astearte honetan, eta, besteak beste, ekonomiaren abiadura moteldu egin dela esan dute.

Horrela, Madariagaren hitzetan, ez da 2018rako aurreikusitako hazkundea (% 3,2) beteko EAEn, urteko bigarren zatian abiadura moteldu baita.

"Ekonomia % 3 haztetik % 2,5era jaitsi da; hortaz, batezbestekoa egiten badugu, urte honetan nondik ibiliko garen ikus daiteke", esan du Madariagak.

Bestalde, Oriol Aspachsek Espainiaren hazkunde "abiadura" eta "osasuna" azpimarratu ditu, baina lehiakortasuna bultzatu behar dela esan du, "aurreko hazkunde motara ez itzultzeko". Aspachsen ustez, Espainian desoreka makroekonomiko eta sozialak daude oraindik, eta horrek "ahultasuna" eragiten dio. Hala ere, arriskurik handienak kanpotik datozela esan du.

Mundu mailan atzeraldi ekonomikoa izateko arriskua baztertu egin dute biek, eta, ildo horretan, aurten mundu mailan % 3,6ko hazkundea izango dela aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Laboral Kutxa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza