Ekonomia -
Lan-gatazka
Itunpeko ikastetxeetako grebak % 65eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako ia 9.000 langile daude greba egitera deituta asteartetik ostiralera bitartean. Lanuzteak 120.000 ikaslerengan eta 215 ikastetxetan izango du eragina.
AGENTZIAK
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko ikastetxeetako gaurko greba % 60ko jarraipena izaten ari da, sindikatu deitzaileek emandako datuen arabera. Gaur hasi eta ostiralera bitartean, Hezkuntzako bost sindikatu nagusiek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) lau greba-egun dituzte, besteak beste, hamar urte berritu gabe daraman lan-hitzarmena berritzea eskatzeko.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako ia 9.000 langile daude grebara deituta. Grebak 120.000 ikasleri eta 215 ikastetxeri eragingo die; itunpeko irakaskuntzaren % 70i (ikastolak ez dira sartzen).
Iazko ikasturtean hiru greba-egun egin zituzten, eta aurtengoan bi greba-egun deitu zituzten urrian. Patronalarekin egindako negoziazioetan aurrerapausorik izan ez dela iritzita, sindikatuek beste lau lanuzte deitu dituzte azaroaren 27tik 30era.
Itunpeko irakaskuntza zentroen % 70 gizarte ekimenekoak dira (ikastolak ez dira sartzen).
Grebarekin bat egin duten langileek manifestazioa egin dute goizean Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Sindikatuek emandako datuen arabera, 5.000 pertsona inguruk parte hartu dute mobilizazioan.
Sindikatuek berriro ere nabarmendu dutenez, sektoreko patronalaren (Kristau Eskola eta AICE-IZEI) proposamena ez da beraien eskakizunetara gerturatzen.
Soldatak eta lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute. Zehazki, honako eskaerak plazaratu dituzte: langileen erosahalmena berreskuratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezitzaileen soldata parekatzea, enpleguari eusteko akordioa hitzartzea, eta jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz itxi daitezkeen ikasgelen ondorioz gal daitezkeen postuei eustea.
ETBren bideo batetik ateratako irudia
Finantzazio falta eta langileen aldarrikapenak sare kontzertatua arriskuan jartzen ari dira, Kristau Eskolaren esanetan
Kristau Eskolak gaur ohartarazi duenez, finantzazio faltak eta langileen eskakizunek arriskuan jartzen dute hezkuntza sistema kontzertatua.
Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, patronalak sindikatuei aurkeztutako azken proposamena defendatu du Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendariak. Azken proposamen horretan, soldata funtzio publikoan aurreikusitakoa baino gehiago igotzea aurreikusten da.
Ormazabalen sanetan, sindikatuen eskaerak "ulergarriak" izan daitezke, baina horiei erantzuna emateko "finantziazioa behar da". Langileek erosahalmena galdu dutela onartu ostean, Eusko Jaurlaritzaren aldetik duela hamar urte adina diru jasotzen dutela salatu du.
Bestalde, langileen eta patronalaren arteko gatazka ez ezik, Eusko Jaurlaritzarena ere badela nabarmendu du.
Itunpeko hezkuntzaren finantziazioa legean dagoela gogorarazi du Erkorekak
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Kristau Eskola patronalari erantzun dio. Itunpeko hezkuntzaren finantziazioa adostu eta legean dagoela gogorarazi dio Erkorekak. Jaurlaritzako bozeramailearen ahotan, ez da Exekutiboaren “burutazio” bat edo aldebakarreko erabakia.
Patronalaren eta langileen arteko gatazka bat dela errepikatu du Erkorekak, eta Administrazioa ez dago “zuzenean inplikaturik”. “Itunpeko eskola beharginen ordezkariekin akordio bat lortzen saiatu behar da”, azpimarratu du.