Ekonomia -
Lan-gatazka
Gaurtik hasita, bost greba egun deitu dituzte Gipuzkoako zahar-egoitzetan
Eguneko zentroetan eta zaintzapeko pisuetan ere deitu du lanuztea ELA sindikatuak. Abenduan beste zortzi greba egun izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako zahar-egoitzetako, eguneko zentroetako eta zaintzapeko pisuetan bost eguneko greba astea dute. Sindikatuak salatu duenez, lan-hitzarmenaren negoziazioa "ez atzera ez aurrera" dago, eta azken bi asteetan "ez da aurrerapausorik" egon mahai sektorialean.
Aurretik ere lau greba egun izan dituzte langileok irailean eta urrian. Abenduan beste zortzi lanuzte daude iragarrita (hilaren 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31n).
Sindikatu abertzaleak Adegi, Garen, Lares eta Matia 2020 patronalen jarrera salatu du: "2017 eta 2018 urteetarako soldatak izoztea proposatzen dute oraindik, eta ez dute negoziorik onartzen". Gipuzkoako Foru Aldundia ere kritikatu du ELAK, "zerbitzuaren zuzeneko ardura du, baina ez du jarrerarik hartu".
ELAk duela bi urte egin zuen beharginen lan baldintzen inguruko proposamena, horren aurrean, "patronalaren jarrera denbora pasatzen uztea" izan dela salatu du. "Azken mahai sektorialaren bileran proposamen eskasa egin ziguten", erantsi du.
Sindikatuaren esanetan, "argi dugu zeintzuk diren gure gutxienekoak: 2017-2018 urteetarako soldata igoera adostea, eta lan-hitzarmena betearaztea".
ELAk nabarmendu duenez, "lan-gatazka honen erdigunean emakumezko sektore baten duintasuna dago. Oraindik ere bide luzea dago egiteko gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakala desager dadin".
"Bide horretan, erakunde publikoak aitzindari izan behar dira. Ekiteko unea dute. Bien bitartean, borrokan jarraituko dugu zaintza-lanen garrantzia azpimarratzen", erantsi dute.