Ekonomia -
BI ORDUKO LANUZTEAK
Zazpigarren lanuzte eguna dute gaur Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan
Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die, bi ortu-tartetan: 07:30-09:30 eta 18:00-20:00. Halaber, ostegunerako ere deitu dute greba.
EITB.EUS
Zazpigarren lanuzte eguna dute gaur Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan. Ezkerraldea Meatzaldea Bus S.A. eta Pesalur S.A. enpresetako langile guztiak daude deituta lanuzteak egitera, eta greba deialdi horrek Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die. Guztira, sei orduz egingo dituzte lanuzteak, txanda bakoitzeko bi orduz: 07:30-09:30, 18:00-20:00 eta gaueko txandako lehen bi orduak.
Gainera, aste honetako ostegunerako ere deitu dute greba. Bi enpresok Bizkaibusen 40 linea baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua (200 bat autobus).
Lanuzteek 42.000 erabiltzaileri eragingo diete, eta gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak izango dira.
Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean dituzu zehaztuta.
Aurreko lanuzteetan, grebaren jarraipena % 100ekoa izan zen, sindikatuen arabera. Gainera, neurri juridikoak iragarri dituzte, Jaurlaritzak ez dituelako agindutako gutxieneko zerbitzuak bete, horien esanetan.
Bi konpainia horietako enpresa batzordeek zortzi greba egun deitu dituzte azaroan Bizkaibuseko hainbat lineatan, 2017ko abenduaren 31tik iraungita dauden hitzarmen kolektiboen negoziazioetan aurrerapenik ez dagoelako.
Lanuzte gehiago abenduan
Azaroko lanuzteez gain, abendurako ere deitu dituzte Bizkaibuseko ibilbide batzuetako beharginek. Besteak beste, 24 orduko greba egingo dute abenduaren 21ean, San Tomas egunean, EMB eta Pesalur patronalek negoziazio mahaian blokeoa ezarri dutela salatzeko. Bilbobuseko langileek ere greba egingo dute San Tomas egunean.
Ezkerraldean eta Enkarterrin zerbitzua eskaintzen duten Ezkerraldea Meatzaldea Buseko langileek abenduan txanda bakoitzeko bi orduko beste bost lanuzte egitea erabaki dute. Abenduaren 10, 11, 13, 17 eta 20an deitu dituzte.
Pesalur enpresako langileek, aldiz, 4 orduko lanuzteak egingo dituzte abenduaren 10, 13 eta 17an Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dituen autobus linea batzuetan.