Ekonomia -
Manifestazioa
130 pertsona atxilotu dituzte Parisera heldu diren 'txaleko horien' protestetan
100.000tik gora manifestari izan dira Frantziar estatu osoan, larunbatean. Parisen, Eliseo jauregira hurbiltzen saiatu direnean, Poliziak aurre egin die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
130 pertsona atxilotu dituzte Frantziar Estatuan, erregaien zergen aurkako 'txaleko horien' mobilizazioetan. 106.301 manifestarik hartu dute parte, Christophe Castaner Barne ministroak emandako datuen arabera. Atxilotuetako 42 Parisen izan dira.
"Arratsaldera arte 106.301 manifestari hartu dute parte; aurreko astean 281.710 izan ziren. Mobilizazio hau 1.619 plaza publikoetan egin da", azaldu du Castanerrek.
"Mobilizazioak indartu" direla esan du ministroak, baina aldi berean, zifrak aipatuta, protesten "ahultze garrantzitsua" izan dela azpimarratu du. Gainera, zaurituak ere gutxiago —19— izan direla esan du, "Poliziari esker". Zaurituen artean Parisen zeuden lau jendarme eta polizia daude.
"Ultraeskuinaren sareen mobilizazioak" eragindako "ekintza larriak" izan direla ere uste du ministroak. Castanerrek "sediziogile ultraeskuindarrei" leporatu die poliziekin liskarrak sortzea, eta 'txaleko horiei' "biolento" horiengandik urruntzea gomendatu die.
Parisera heldu dira protestak
Frantziar Estatuko hiriburura begira jarri dira fokuak. Parisen, 'txaleko horiek' botere gune nagusitik gertuago egon nahi izan dute. Orain arte, protestak probintzietan izan dira nagusi.
Istiluek su hartutako barrikadak eta suntsitutako autobus geltokiak, kafeetako terrazak eta saltokietako erakusleihoak utzi dituzte.
Parisko kaleetan bildu diren milaka 'txaleko horien' kontra gas negar-eragileak bota eta ur-kanoi bat erabili dituzte segurtasun indarrek. Eliseo jauregira hurbiltzen saiatu direnean, poliziek aurre egin diete.
Eliseo Jauregia, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen etxebizitza, babesteko segurtasun-hesia osatu zuten poliziek, eta manifestariak hura gainditzen saiatu direnean, istiluak jazo dira. Macronen dimisioa eskatu dute manifestariek pankartekin eta oihuekin.
Frantziako agintariek manifestazioa debekatu zuten Eliseo Jauregiaren inguruetan, eta Eiffel Dorrearen aurrealdean dauden Marteren Zelaietan egiteko agindu zuten, baina 'txaleko horien' bozeramaileek uko egin diote horri, eta Macronen etxebizitzara hurbiltzen saiatu dira. Ehunka 'txaleko horiek', gainera, hiri-altzariak bota dituzte segurtasun-hesia osatu duten polizien aurka.
Frantziako Barne Ministerioaren lehenengo datuen arabera, 3.000 'txaleko hori' inguru bildu dira larunbat honetan Parisen, gehienak Marteren Zelaietan eta Concorde plazan inguruetan.
Etxeratze-agindua Reunionen
Frantziako gainerako txokoetan duela astebete hasitako blokeoei eutsi diete logistika-zentroetan eta errepideetan, parte-hartzaile gutxiagorekin. Izan ere, joan den larunbatean 300.000 manifestari inguru batu ziren, datu ofizialen arabera.
Reunion uhartean izan da indarkeria gehien, Indiako Ozeanoan. Bertan, Gobernuak etxeratze-agindua ezarri du, eta Macronek Armada zabaldu du.
Macronen erantzuna
Presidenteari erantzun bat eman dezala eskatu dio klase politiko osoak. Macronek, momentuz, erregaien zerga ekologikoa ezartzeko erabakia mantenduko duela baino ez du esan. Hori da 'txaleko horien' protesten jatorria.
Datorren astean, Macronek familia behartsuenetan zerga hori arintzeko neurriak iragarriko ditu, baina presidente denetik ez du inoiz erabaki bat atzera bota, kalean protestak egon arren.