Ekonomia -

ENPLEGU PUBLIKOA

Nafarroako Gobernuak 751 lanpostuko ohiko lan eskaintza publikoa deituko du

Hala baieztatu diete Nafarroako Gobernuko kontseilariek sindikatuei. Gobernuak laster onartuko ditu foru dekretuak eta gero deituko ditu oposizioak.

Solana, Beaumont eta Dominguez kontseilariak. Artxiboko argazkia: EFE
Solana, Beaumont eta Dominguez kontseilariak
Solana, Beaumont eta Dominguez kontseilariak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak 751 lanpostuko ohiko lan eskaintza publikoa (LEP) deituko du 2018an, Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez. Halaxe baieztatu diete Negoziazio Mahai Orokorreko buru izan diren Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak, Maria Solana Hezkuntzako kontseilariak eta Fernando Dominguez Osasuneko kontseilariak sindikatuei.

Gobernuak azaroaren 15ean aurkeztu zien proposamena sindikatuei eta astebeteko epea izan dute beren alegazioak aurkezteko. Proposamenak aztertutakoan, Nafarroako Gobernuak bere proposamena berretsi du. LAB, CCOO eta UGT sindikatuak abstenitu egin dira, lan eskaintza publikoak aurrera egitea nahi badute ere, "murritzegia" dela uste dutelako. ELA, bere aldetik, aurka agertu da, eskaintzen den plaza kopurua "urria" dela iritzita.

Sindikatuekiko negoziazioa itxita, Nafarroako Gobernuak pertsonalari buruzko foru dekretua onartuko du, eta LEPari buruzko foru dekretua, ondoren. Azkenik, oposizioak deituko ditu.

Hezkuntza Departamentuak 326 lanpostu zehaztu ditu. Horietatik 169 maisu-maistrei dagozkie (98 gaztelaniaz eta 71 euskaraz), 88 Bigarren Hezkuntzako irakasleei (56 gaztelaniaz eta 32 euskaraz), 59 Lanbide Heziketako irakasle teknikoei (50 gaztelaniaz eta 9 euskaraz) eta beste 10 plaza Hizkuntza Eskola Ofizialari (7 gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzetan eta 3 euskaraz). Hortaz, proposatutako lanpostu horietatik 211 gaztelaniaz izango dira (% 64,8) eta 115 euskaraz (% 35,2).

Osasun Departamentuak 236 lanpostu definitu ditu: 233 Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuarentzat eta 3 Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarentzat. Osasunbideko 233 lanpostuetatik 56 mediku espezialistei dagozkie, 37 beste mediku batzuei (12 lanpostuk euskarazko hizkuntza eskakizuna dute), 90 osasun arloko diplomadunei (28 lanpostuk euskarazko hizkuntza eskakizuna dute), eta, horiez gain, 10 osasun arloko teknikarientzat, 30 osasun arloko laguntzaileentzat eta 10 zaindarientzat izango dira. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko oposizioari begira, 2 erizain espezialista eta kimikari bat hautatuko dituzte.

Foru Exekutiboaren proposamenak Nukleo Administrazioari dagozkion beste 189 lanpostu ditu. Plaza kopururik handiena (38) suhiltzaileak aukeratzeko da, Beaumont kontseilariak Nafarroako Suhiltzaileen ordezkari sindikalekin adostu eta Gobernuak 2017ko apirilaren 5ean onartutako ehun plazako helburua lortzeko. Halaber, Foruzaingoari dagokionez, 14 inspektore, 31 foruzain eta 24 inspektoreorde hautatuko dira, baina azken plaza horiek ez daude zenbatuta LEParen barruan, ordezkatze-tasa bete gabe gelditu baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Lana albisteak Funtzionarioak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Hezkuntza Enplegu Eskaintzak 2024 Euskal sindikatuak Langile Komisioak azken ordukoa UGT albisteak Osasunbidea