Ekonomia -

Erretiro-pentsioak

Jaurlaritzak 2019an pentsioei bideratutakoa 'barregarria' dela uste dute pentsiodunek

Azaroaren 29an, Gasteizen bilduko dira Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako plataformekin Magdalena Valerio Lan ministroari bilera eskaera formala egiteko.

Pentsiodunak Bilbon, gaurko elkarretaratzean. Argazkia: EFE
Pentsiodunak Bilbon, gaurko elkarretaratzean. Argazkia: EFE
Pentsiodunak Bilbon, gaurko elkarretaratzean. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak "erabat barregarritzat eta ulergaitzat" jo du Eusko Jaurlaritzak erretiro-pentsioei 2019an bideratutako aurrekontuen zatia. Urkulluren Gobernuak gizarte gaietara bideratuko dituen 48 milioi eurotik 12 milioi erretiro-pentsioak hobetzera bideratuko ditu, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pentsiodunen artean.

Astelehenero Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aurrean egiten duten elkarretaratzearen ostean, Jon Fano mugimenduko kideak "pentsiodunen beharrei aurre egiteko borondate falta" egotzi dio Jaurlaritzari; eta, "borondaterik ez badute, ez digute ezer gehiago eskainiko", azaldu du.

Erretiro-pentsioei bideratutako aurrekontuen zatia "ulertezina" dela esan du Fanok; batez ere, aurtengo zerga-bilketa EAEn "aurreikusitakoa baino askoz handiagoa izan da. Gainera, Jaurlaritzak 2018an baino 700 milioi euro gehiago dituela kritikatu du, eta hortaz, pentsiodunek aldarrikatzen duten 1.080 euroko erretiro-pentsioak ezartzeko aukera badagoela azpimarratu du.

Fanoren hitzetan, datozen asteak "erabat garrantzitsuak" izango dira pentsiodunen aldarrikapenentzat, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko eskaera erregistratu baitute, bertan azaldu nahi baitituzte zeintzuk diren beren aldarrikapenak.

Bestalde, datorren azaroaren 29an, Gasteizen bilduko dira Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako plataformekin Magdalena Valerio Lan ministroari bilera eskaera formala egiteko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateari ere eskaria egin diote gaurkoan. Laster pentsiodunen elkarretaratzeek urtebete beteko dituztenez, urtarrilaren 15ean, hain zuzen, alkateari pentsiodunekin "keinu sinbolikoren" bat izatea eskatu diote, esaterako, udaletxean pentsiodunen aldeko pankartaren bat jartzea, "guztion alkatea dela erakusteko, baita pentsiodunena ere".

Abenduaren 15ean manifestazioa egingo dute EAEko hiru hiriburuetan, baita Iruñean ere.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Manifestazioak Pentsioak