Ekonomia -

Banku komisioak

Diru-sarrerak egiteagatik Kutxabankek komisioa kobratzea abusuzkoa dela berretsi dute

Arabako Auzitegiak berretsi duenez, Kutxabankek bezero baten kontuan eskudiru sarrerak egiteagatik kobratzen duen bi euroko komisioa bertan behera utzi beharko du.

Kutxabank. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Kutxabank. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Kutxabank. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabankek, bezero baten kontuan eskudirua sartzeagatik, kobratzen duen 2 euroko komisioa abusuzkoa dela eta bertan behera utzi beharko duela berretsi du Arabako Probintzia Auzitegiak.

Kutxabankek Gasteizko Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak emandako epaiaren aurkako helegitea jarri zuen. Joan den astelehenean, berriz, Arabako Auzitegiak Epaitegi horren erabakia berretsi zuen, EKA/ACUV kontsumitzaileen elkarteak Kutxabanken komisio horren aurkako salaketa aurkeztu baitzuen.

EAEko kontsumitzaileen elkarteak ostiral honetan jakitera eman duenez, "neurriz kanpokoa" da bankuak kobratzen duena, zerbitzu beragatik bi aldiz kobratzen duelako: alde batetik, kontuaren jabeari dirua sartzeagatik kobratzen dio, mantentze-gastuen komisioaren eskutik; eta bestetik, dirua sartzen duenari kobratzen dio, komisio hori ordaindu behar baitu.

Espainiako Bankuak ezarritakoaren arabera, bankuek ezin dituzte komisioak edo gastuak ezarri bezeroek onartu edo eskatu ez dituzten zerbitzuengatik; eta Kutxabanken kasuan, beste pertsona baten kontuan eskudirua sartzeagatik bi euro kobratzea "inposizio bidegabea" da, EKA/ACUV elkarteak esan duenez.

Epaiak jasotakoaren arabera, erabiltzaile hori, une horretan, entitatearekin isilean itunduko luke "kontratatu gabeko ahozko eta ezohiko zerbitzu batengatik bi euro ordaintzea, aurretiko abisua izan gabe eta negoziatu barik".

Gainera, 2 euro horiek proportzionalak ez direla jasotzen du epaiak, "ez baita gauza bera 4 euroko edo berrehun euroko ordainagiri batengatik bi euro ordaintzea".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Kutxabank Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak