Ekonomia -
Abiadura handiko trena
Atlantikoko tren korridoreari lehentasuna ematea eskatu du Tapiak
Ekonomi Garapenenerako eta Azpiegituretarako sailburuak adierazpenak egin ditu Arku Atlantikoaren Batzorde Betearazlean. Irungo (Gipuzkoa) Ficoban egin dute bilera.
Agentziak | Erredakzioa
Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak “ez du bakarrik eragile esanguratsu” bat izan nahi azpiegitura berriak eraikitzeko orduan, “tren zerbitzuetan erantzukizunak hartu” baizik. “Atlantikoko tren korridoreko inbertsioei lehentasuna” ematea eskatu die Tapiak estatuei.
Tapiak adierazpenak egin ditu Arku Atlantikoaren Batzorde Betearazlean. Irungo (Gipuzkoa) Ficoban egin dute bilera, Espainia eta Frantzia zeharkatzen dituen azpiegituraren egoera aztertzeko. Bereziki Irun-Hendaia tarteko lanak izan dituzte mahai gainean.
Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusiak sailburua lagundu du bileran. Euskal Y, Irun-Hendaia muga arteko lotura edo korridore propioaren garapena aztertu dituzte parte-hartzaileek. Batzarrean parte hartu duten ordezkarien arabera, proiektuak “egiteko bide luzea du oraindik”.
Frantziako eta Espainiako gobernuetako ministerioen, Adif, SNFC eta, aurrenekoz, Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu dute batzordean. “Eraginkortasun handiko Europako trenbide sare bat lortzeko, egiteko geratzen den guztia” mahai gainean jarri dute. Tren proiektuaren oztopo garrantzitsuenak aztertu dituzte. Egitasmoak “Europa lotu eta kontinenteko garraio arazo askori konponbidea eman beharko” liekeela uste dute.
Batasuneko barne “muga” batean, bi estaturen arteko loturak behar duen “plangintza, koordinazio, azterketa eta garapen lan handia” nabarmendu du Tapiak hitzaldian, “Europa mailan operagarritasuna nabarmen hobetzea” lortzeko.
“Europako Batzordea horren kontziente da, Violeta Bulc Garraiorako komisarioak orain duela gutxi baieztatu zuenez. Eusko Jaurlaritzak azterketarekin bat egin eta estatu ezberdinen arteko muga operagarritasuna hobetzeko borondatea agertu du, botila-lepoa efektua murrizteko lanean, batez ere Irun-Hendaia mugaren kasuan”, esan du.