Ekonomia -
BI ORDUKO LANUZTEAK
Atzerapenak Bizkaibuseko hainbat lineatan, hirugarren lanuzte egunean
Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die 07:30-09:30 eta 18:00-20:00 tarteetan. Halaber, beste bost greba egun daude deituta azaroan.
EITB.EUS
Hirugarren lanuzte eguna dute gaur Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan. Ezkerraldea Meatzaldea Bus S.A. eta Pesalur S.A. enpresetako langile guztiak daude deituta lanuzteak egitera, eta greba deialdi horrek Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die. Guztira, sei orduz egingo dituzte lanuzteak, txanda bakoitzeko bi orduz: 07:30-09:30, 18:00-20:00 eta gaueko txandako lehen bi orduak. Lanuzteek 42.000 erabiltzaile ingururi eragingo diete, eta gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak izango dira.
Lanuzteak eta euria tarteko, goizean goizetik atzerapenak izan dira. Sindikatu deitzaileen esanetan, langile gehienek bat egin dute lanuztearekin.
Joan den astean, lanuzteen lehen bi egunetan, grebaren jarraipena % 100ekoa izan zen, sindikatuen arabera. Azken horiek neurri juridikoak iragarri dituzte, salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez dituelako agindutako gutxieneko zerbitzuak bete.
Bi konpainia horietako enpresa batzordeek zortzi greba egun deitu dituzte azaroan Bizkaibuseko hainbat lineatan, 2017ko abenduaren 31tik iraungita dauden hitzarmen kolektiboen negoziazioetan aurrerapenik ez dagoelako.
Zehatz-mehatz esanda, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu dituzte gaurko: 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Halaber, gaueko txandako lehen bi orduetan ere egingo dute lanuztea.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta beste garraiobiderik ez duten lineak eta ospitaleak helmuga dituzten lineak lehenetsi dituzte. Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean dituzu zehaztuta.
Gainera, beste bost egunetarako ere deitu dute greba: azaroaren 15, 19, 22, 26 eta 29rako. Bi enpresok Bizkaibusen 40 linea baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua (200 bat autobus). Grebak 42.000 bidaiariri eragingo die.