Ekonomia -

Diesel autoen krisia

Gasteizko Mercedes eta Nafarroako Volkswagen lantegietako ekoizpena eten dute gaur

Arabako lantegia beste hiru egunetan egongo da itxita azaroan eta abenduan. Landabenen azken hilabeteotan egin duten laugarren etenaldia da.

Mercedesen lantegia Gasteizen. EFE
Mercedesen lantegia Gasteizen. EFE
Mercedesen lantegia Gasteizen. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diesel ibilgailuen krisiak munduan eragindako ziurgabetasuna tarteko, Gasteizko Mercedes Benz eta Volkswagen Nafarroa lantegiek ez dute ostiral honetan ibilgailurik ekoitziko, eta itxita daude biak.

Arabako lantegiaren kasuan, azken hilabeteotan ekoizpenean egindako seigarren etena da. Urrian bost egunez itxi dute, eta azkenekoz, azaroaren 2an. Beste bi eten aurreikusi dituzte azarorako, hilaren 16 eta 23rako, eta beste bat abendurako, hilaren 21erako.

Horrez gain, zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi dienez, azaroaren 12tik abenduaren 20ra gaueko txanda kenduko dute.

Geldialdiaren ondorioz, Mercedesek 147.000 ibilgailu egitea aurreikusten du Gasteizko lantegian. Hasiera batean, aurten 155.637 ibilgailu egingo zituela iragarri zuen Mercedesek. Gasteizen ekoizten dituzten ibilgailu gehienek diesel motorra dute.

Bestalde, Landabengo lantegiak hiru aldiz itxi ditu ateak azken hilabeteotan (urriaren 26an eta azaroaren 2an eta 5ean); gaurkoa, bada, laugarren etenaldia da.

Ekoizpenean eten gehiago egongo den galdetu dio UGTk zuzendaritzari, eta Alemaniatik "ez digute ezertxo ere erantzun", erantzun dio.

Diesel motorra duten autoen salmentak behera egin badu ere, Volkswagen Nafarroak bere eskari mailari eutsi dio (55.749 auto).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Araba Multinazionalak berriak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Volkswagen Mercedes Benz Automobilgintza Industriaren azken ordukoak