Ekonomia -
Lan merkatua
495 lanpostu sortzea adostu dute Bilboko eta Gasteizko Udalek Jaurlaritzarekin
Arabako hiriburuan 408 lanpostu sortuko dituzte, langabezian dauden gazteak kontratatzeko asmoz. Bilbon, berriz, 87 enplegu sortzea hitzartu dute.
EiTB.EUS
Lanpostu berriak sortzeko asmoarekin eta gazteen kontratazioa bultzatze aldera, elkarlanean garatuko dituzten egitasmoak aurkeztu dituzte Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, ostegun honetan. Hain zuzen ere, Gasteizko Enplegu Planaz eta Gazte Enpleguaren Programa Operatiboaz baliatuko dira 408 lanpostu berri sortzeko.
"Azken lau urteotan bilakaera positiboa izan du lan merkatuak, 5.276 langabetu gutxiago baitaude, Gizarte Segurantzaren afiliazioek gora egin baitute (9.356 lagun gehiago daude) eta langabezia-tasa % 10etik behera kokatu baita", esan du Urtaranek.
Gainera, lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten taldeei laguntzeko asmoa erakutsi dute.
Enplegu Plana
Enplegu Planaren baitan, Gasteizko bizilagunak soilik kontratatuko dituzte. Horretarako, bi baldintza bete beharko dituzte: langabezian egotea eta Lanbideko zerrendetan egotea.
Hala, plan horren bitartez sinatutako kontratu guztiek, gutxienez, sei hilabeteko iraupena izango dute.
Bilboko gazteei zuzendutako 87 lanpostu berri
Eusko Jaurlaritzak -Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez- eta Bilboko Udalak -Bilbao Ekintza Udal Elkartearen bidez- gazteei zuzendutako Enplegu Plana jarri dute martxan. Helburua da Bilbon, gutxienez, 12 hilabeteko iraupena izango duten 87 lanpostu berri sortzea. Izena emateko, Mazarredo zumarkalean eta San Inazio auzoan dauden Lanbideren bulegoetara jo beharko dute lanpostu horietan interesa dutenek, azaroaren 14a orduko.
Besteak beste, administrazioarekin, teknologia berriekin, proiektuen kudeaketarekin, giza baliabideekin, web proiektuekin, arlo juridikoarekin, arkitekturarekin, dokumentazioarekin eta artxiboko lanekin zerikusia duten lanpostuak eskainiko dituzte. Halaber, sustapen turistikoarekin, diseinuarekin, marketinarekin, hirigintzarekin, pieza historikoen zaharberritzearekin, ingurumenarekin eta gizarte-lanarekin lotuta dauden enpleguak sortuko dituzte.
Bete beharreko baldintzak
Langabezian dauden 16 eta 29 urte bitarteko Bilboko gazteei zuzendutako plana da aipatutakoa. Gradu ertaineko edo goi mailako ikasketak dituztenek eman ahal izango dute izena, betiere Lanbideko zerrendetan baldin badaude.