Ekonomia -

BI ORDUKO LANUZTEAK

Bigarren lanuzte eguna, Bizkaibuseko hainbat lineatan

Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die 07:30-09:30 eta 18:00-20:00 tarteetan. Halaber, beste sei greba egun daude deituta azaroan.

Bidaiariak autobus batera igotzen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bidaiariak autobus batera igotzen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bigarren lanuzte eguna Bizkaibusen

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren lanuzte eguna dute gaur Bizkaibuseko hainbat lineatan. Ezkerraldea Meatzaldea Bus S.A. eta Pesalur S.A. enpresetako langile guztiak daude lanuzteak egitera deituta eta deialdi horrek Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die. Guztira, sei orduz egingo dituzte lanuzteak, txanda bakoitzeko bi orduz: 07:30-09:30, 18:00-20:00 eta gaueko txandako lehen bi orduak. Lanuzteek 42.000 erabiltzaile ingururi eragingo die eta gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak izango dira.

Asteartean, lanuzteen lehen egunean, grebaren jarraipena % 100ekoa izan zen, sindikatuen arabera. Hala ere, langileek ez dute beren eskakizunen inguruko erantzunik jaso enpresen aldetik. Halaber, ELAk aipaturiko enpresak salatu ditu Lan Ikuskaritzan, Eusko Jaurlaritzak agindutako gutxieneko zerbitzuak ez betetzeagatik.

Bi konpainia horietako enpresa batzordeek zortzi greba egun deitu dituzte azaroan Bizkaibuseko hainbat lineatan, 2017ko abenduaren 31tik iraungita dauden hitzarmen kolektiboen negoziazioetan aurrerapenik ez dagoelako.

Zehatz-mehatz esanda, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu dituzte gaurko: 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Halaber, gaueko txandako lehen bi orduetan ere egingo dute.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, beste garraiobiderik ez duten lineak eta ospitaleak helmuga dituzten lineak lehenetsiz. Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean dituzu zehaztuta.

Asteartekoaz eta gaurkoaz gain, beste sei egunetarako ere dago greba deituta: azaroaren 12, 15, 19, 22, 26 eta 29rako. Bi enpresok Bizkaibuseko 40 linea baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua (200 bat autobus). Grebak 42.000 bidaiariri eragin diezaioke.

Enpresa batzordeak eta konpainiak urriaren 31n bildu ziren azkenekoz, baina ez zuten akordiorik lortu. Hala, mobilizazioak gogortzea erabaki dute sindikatuek enpreson "murrizketa politikak" salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak Lana Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Bizkaibusen ordutegiak