Ekonomia -
Lan gaixotasuna
Aurten 29 dira jada EAEn amiantoak eraginda hildako langileak
Navalen eta CAFen behar egindako 65 urteko behargin bat da 29. biktima. CCOOk heriotza deitoratu eta amiantoaren kaltedunentzako funtsa bat sortzea eskatu du berriro.
Agentziak | Erredakzioa
CCOO sindikatuak salatu duenez, aurten 29 dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) amiantoak eraginda hildako langileak. 70ko hamarkadan substantzia horrekin lan egin zuen gizonezko bat da 29. biktima.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Francisco Javier Perez Hernandez da zendutakoa. Sestaoko Navalen (Bizkaia) eta Beasaingo CAFen (Gipuzkoa) lan egin zuen azpikontratatutako enpresa batentzat.
65 urteko langileak pleurako mesotelioma zuen amiantoak eraginda. 2017an, lan gaixotasun horrengatik ezintasun iraunkor absolutua aitortu zioten.
CCOOren hitzetan, sindikatuko zerbitzu juridikoek kalte-galeren erreklamazioa bideratuko dute. Izan ere, Perez Hernandez CCOO sindikatuko militantea eta Caldereria Irurena enpresan sindikatuko ordezkaria zen.
Sindikatuak "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi dio familiari eta, beste behin, amiantoaren kaltedunentzako funtsa eskatu du, "biktima eta euren senitartekoei beharrezkoa ez den sufrimendua aurrezteko".