Ekonomia -

BI ORDUKO LANUZTEAK

Grebara deituta dauden Bizkaibuseko langile guztiek bat egin dute lanuztearekin

Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die 07:30-09:30 eta 18:00-20:00 tarteetan. Halaber, beste zazpi greba egun daude deituta azaroan.

Bidaiariak autobus batera igotzen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bidaiariak autobus batera igotzen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bizkaibuseko lanuztearen jarraipen zabala

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezkerraldea Meatzaldea Bus S.A. eta Pesalur S.A. enpresetako langile guztiek bat egin dute Bizkaibuseko hainbat lineatan gaurko deituta dauden lanuzteekin, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Sindikatua gustura agertu da langileek emandako erantzunarekin.

Bi konpainia horietako enpresa batzordeek zortzi greba egun deitu dituzte azaroan Bizkaibuseko hainbat lineatan. Zehazki, enpresok honako eskualdetan eskaintzen dute zerbitzua: Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian. Lehen greba eguna astearte honetan egiten ari dira, baina aurrez urrian ere mobilizazioak egin dituzte.

Zehatz-mehatz esanda, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu dituzte: 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Halaber, gaueko txandako lehen bi orduetan ere egingo dute.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, beste garraiobiderik ez duten lineak eta ospitaleak helmuga dituzten lineak lehenetsiz. Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean dituzu zehaztuta.

Gaurkoaz gain, beste zazpi egunetarako ere dago greba deituta: azaroaren 8, 12, 15, 19, 22, 26 eta 29rako. Bi enpresok Bizkaibuseko 40 linea baino gehiagotan eskaintzen dute zerbitzua (200 bat autobus). Grebak 42.000 bidaiariri eragin diezaioke.

Enpresa batzordeak eta konpainiak urriaren 31n bildu ziren azkenekoz, baina ez zuten akordiorik lortu. Hala, mobilizazioak gogortzea erabaki dute sindikatuek enpreson "murrizketa politikak" salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak Lana Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Bizkaibusen ordutegiak