Ekonomia -
Segurtasuna interneten
Euskal enpresen % 85ek baliabide gehiago bideratu nahi dituzte zibersegurtasunera
Teknologia berrien garapenak “aukera eta erronka berriak” dakarrela nabarmendu dute 'Basque Cybersecurity Day' ekitaldian, baina “arriskuak eta mehatxuak ere” ekarri dezakeela ohartarazi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal enpresen % 85ek baliabide ekonomiko gehiago bideratu nahi dituzte haien zibersegurtasuna hobetzera. Hala, edozein unetan gerta litezkeen ziber-erasoei eraginkortasunez aurre egin nahi diete. Izan ere, Ertzaintzaren aurrean salatutako delituen % 12 baino gehiago interneten erabilerarekin loturiko jardueren ondorio dira.
Datu horiek Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eman dituzte astelehen honetan, Basque Cybersecurity Centre (BCSC) - Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak antolatutako Basque Cybersecurity Day ekitaldian. Nazioarteko zazpi herrialdetatik etorritako zibersegurtasunaren arloko hainbat eragile bildu dira Bilboko Euskalduna Jauregian.
Basque Cybersecurity Day ekimenaren lehen edizioa da honakoa, eta, besteak beste, gai hauek izan dituzte hizpide: enpresa txiki eta ertainek eta oro har gizarte osoa ziber-delinkuentziaren eta ziber-espioitzaren aurrean babesteko aholkuak eta sektoreko joera nagusiak.
Industriaren ikuspuntutik aztertuta, teknologia berrien garapenak “aukera eta erronka berriak” dakartzala nabarmendu du Segurtasun sailburuak. Dena dela, enpresen eta herritarren segurtasunari begira, “arriskuak eta mehatxuak ere” ekarri dezakeela ohartarazi du.
Ildo horretatik, Ertzaintzaren aurrean salatutako delituen % 12 baino gehiago interneten erabilerarekin loturiko jardueren ondorio direla nabarmendu du. “Internet bidez egindako mehatxu berriak nagusitzen ari dira: ziber-erasoak, datu pertsonalak lapurtzea edota ondarearen aurkako delituak”, esan du.
Gauzak horrela, enpresen esparruan nahiz esparru pribatuan gerta daitezkeen mehatxuak saihesteko “kontzientziazio eta sentsibilizazio” lan handia egin beharra dagoela esan du.
Beste alde batetik, “gero eta euskal enpresa gehiagok” interneten jarduten dutela azpimarratu du Arantxa Tapiak. Hala, lehen aldiz egindako topaketa horrek sortutako “ikusmin handia” nabarmendu du.
Hala, Industria Zibersegurtasuneko lehen programari esker 60 euskal enpresek beren burua babesteko aukera izan dutela ziurtatu du. Tapiak iragarri duenez, 2019ra begira, Jaurlaritzak milioi eta erdi euro inguruko aurrekontua bideratuko du enpresen zibersegurtasunean laguntzeko.
“Duela gutxi sortu berri diren enpresentzat zailagoa da zibersegurtasunera enpresa handiek bideratzen dituzten baliabide ekonomiko berak bideratzea. Lehiakorrak izaten jarraitzeko asmoa badugu, ihes egiten utzi ezin dezakegun tren bat da honakoa”, esan du Tapiak.