Ekonomia -
Saridunak
Garmendia, Cañada, Montes eta Onaindia enpresariek jasoko dituzte 2018ko Korta Sariak
Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 13an izango da. Saridunek enpresa-sektorean etengabeko inplikazio txalogarria dutela nabarmendu du epaimahaiak.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko Korta Sariak honako pertsona hauei ematea erabaki du epaimahaiak, haien enpresa-lanagatik: Alicia Garmendia Iruña Taldeko bazkidea eta presidentea; Luis Cañada Novia Salcedo fundazioko presidentea; Miguel Angel Montes Cometel-eko jabea eta gerentea, eta Javier Maria Onaindia Onaindia Taldeko sortzailea.
2018ko Korta Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 13an izango da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izango da ekitaldiko buru.
Epaian, epaimahaiak nabarmendu du saritutako lau pertsonek etengabeko inplikazio txalogarria dutela enpresa-sektorean, bertan garatu baitute beren jarduera. Halaber, jarduera eta lanpostu berriak sortzeko dituzten ekimenen garrantzia ere nabarmendu du.
Alicia Garmendia eibartarraren bizitza pertsonala eta profesionala oso lotuta dago Bilborekin eta Iñaki Aseguinolaza senarraren enpresa-lanarekin; gizona 1993an hil zen. Alargun geratu zenean, Garmendia hasi zen ostalaritza tradizionalaren familia-negozioak zuzentzen eta, berrikuntzaren alde eginiko apustuaren eta joera berrietara egokitzen jakiteko senaren bidez, Euskadin gama altuko cateringeko enpresa garrantzitsuenetakoa bilakatu zen.
Luis Cañada Vicinay zuzendari nagusia izan zen Vicinay Cadenas familia-enpresan, eta, gaur egun, Novia Salcedo fundazioko presidentea da. Bere curriculumak baditu beste kargu batzuk ere, besteak beste: Norvegiako Gobernuko kontsul nagusia, Euskal Herriko Itsas Foroaren presidentea, Labeineko idazkaria eta Tecnaliako eta Innobasqueko zuzendaritza-batzordeetako kidea. Bilboko Ingeniaritza Eskolan ikasi ondoren, Vicinay amaren familia-enpresan hasi zen.
Miguel Angel Montesek Cometel Espainiako eta Portugalgo enpresa lider bilakatu zuen, eta, 2004an, hazkundearen premietara hobeto egokitzen zen instalazio batera mugitu ziren. Hiru urte geroago baino ez, 2007an, Cometel Amerikan ere finkatu zen eta filiala ireki zuen Querétaron (Mexiko), eta, urte berean, Cometel Recycling Solutions enpresa sortu zen.
Javier Maria Onaindiak 84 urte ditu, eta ez dio ekiteari eta eremu profesionaleko edo pertsonaleko gaikuntzak hobetzen saiatzeari utzi. Musika bere grinetako bat da eta, gaur egun, gitarrako eta pianoko eskoletan dabil. Bela-estropadalari ere bada, eta 250 garaikur baino gehiago lortu ditu hainbat herrialdetan.
Joxe Mari Korta sariak 2009an hasi ziren, enpresaburu gipuzkoarra eta orduko Adegiko presidentea erail ondoren, jendaurrean lanbide-bizitza zabala dutenei enpresa-hobekuntzaren alde egiten duten lanagatiko esker ona agertzeko.