Ekonomia -
Protesta
Bilboko NH eta Barceló Nervión hoteletako logela-garbitzaileak, greba mugagabean
Lan-baldintzen hobekuntza eta kontratuen erregularizazioa aldarrikatzeko abiatu dute greba. ELAren arabera, 2,5 euro jasotzen dituzte garbitzen duten logela bakoitzeko.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
NH eta Barceló Nervión Bilboko hoteletako logela-garbitzaileek greba mugagabea hasi dute ostiral honetan. Gainera, protesta gisa, Barceló hotelaren kanpoaldeak elkartu dira langileak, musika eta megafonoak lagun. Han, esku-paperak banatu dituzte, eta sirena hotsekin lagunduta, protesta oihuak egin dituzte, hoteleko bezeroen aurrean.
Kelly izenarekin ere ezagunak dira logelak garbitzen dituzten emakumeak. Horiek guztiak Constant taldeak azpikontratatzen ditu, aipatu hoteletan garbiketa lanak egin ditzaten.
Esan bezala, gaur bertan ekin diote grebari, eta mugagabea izango dela iragarri du ELAk. Hain zuzen ere, sindikatu horren babesa dute langileek.
ELAren arabera, garbitzen duten logela bakoitzeko 2,5 euro jasotzen dituzte. Hori horrela, hilabetean 800 euroko soldata lortzeko, lanaldi oso luzeak egitera behartuta daude.
Horregatik, logela-garbitzaileei Bizkaiko ostalaritza hitzarmena ezartzea nahi du ELAk, sektore horretako enpresa gehienek egiten duten moduan. Aitzitik, Constant taldeak horri uko egin dio, ELAk esan duenez.
Arrazoi hori tarteko, langileek greba hasi dute, lan-baldintzen hobekuntza eta kontratuen erregularizazioa aldarrikatzeko. Gainera, Lan Zuzendaritzari ustezko kontratazio iruzurraren berri eman diote.
Halaber, "gure agintari politikoen jarrera hipokrita" salatu du ELAk: "Bilbo hiri modernoa eta nazioarte mailako ekitaldien (errugbi finala, MTV sariak) gune nostalgikoa dela harro dioten bitartean, beste alde batera begiratzen dute lan egoera kaskarrak sortzen direnean".