Ekonomia -

la Navalen amaiera

La Navaleko langileek itxialdia egin dute Sestaoko ontziolan

22:00etatik 06:00ak arte egin dute itxialdia. 177 langileak Arantxa Tapia sailburuarekin elkartuko dira asteazkenean.

Sestaoko ontziola. Artxiboko argazkia: EFE
Sestaoko ontziola. Artxiboko argazkia: EFE
Navaleko langileek itxialdia egin dute bart gauean

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko La Navaleko langileek itxialdia egin dute bart Sestaoko ontziolan, 22:00etan hasi eta 06:00ak arte. Izan ere, La Navaleko konkurtsoko administratzaileak 177 langileri eragingo dien lan-erregulazioko txostena aurkeztu du astelehen honetan, eta datorren astean formalizatuko da kaleratzea.

Itxialdia egin duten bitartean, aurrera begirako mobilizazioak zehaztu dituzte. Ildo horretan, azaroaren 8an Barakaldon mobilizazioa egingo dutela iragarri dute.

Ontziolaren atarian, pneumatiko batzuei su eman diete protesta gisa, eta sirena hotsak eman dio amaiera itxialdiari.

Gau hotzaren ostean, langile gutxi batzuk lanera joan dira, eta gehienak, etxera.

La Navaleko lan-batzordeak konkurtsoko administratzaileren eskutik jaso zuen lan-erregulazioko txostenaren berri, eta langileek, protesta gisa, itxialdia egitea erabaki zuten Sestaoko ontziolan.

Atzo goizeko bederatzietan, konkurtsoko administratzaileak bulegora deitu zituen lan-batzordeko presidentea eta idazkaria, biei amaierako lan-erregulazioko txostenaren baieztapena aurkeztu eta sinatzeko. Datorren astean, astelehen edo asteartean, epaileari igorriko diola esan zien.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren hitzetan, Van Oord armadorearen ontzia Sestaon ez bada egiten, La Navalen egoera "konponezina" izango da.

La Navaleko beharginak asteazkenean bilduko dira Tapia sailburuarekin. Egoera kritikoa dela esan du sailburuak, eta Eusko Jaurlaritza esku artean dituen baliabideekin lanean ari dela adierazi du.

Bestalde, Loli Garcia Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan, lanean jarraituko dute langileei eta inguruko enpresei irteera "duina" bilatzeko.

La Navalek 177 langile ditu, eta horien % 80 Navantiak Estatuan dituen ontzioletan birkokatuko dituzte, baina ontziolaren inguruan azpikontratatuta lan egiten duten 400 enpresa eta 1.800 langileak lanik gabe geratuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval