Ekonomia -
2019rako aurrekontu proiektua
Hezkuntza sare publikoan 1.295,5 milioi inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak
Osasun Sailak aurrekontu handiena izango du, 3.800 milioi, aurten baino % 3,3 gehiago. Diru-sarrerak bermatzeko errentak eta etxebizitzarako prestazio osagarriak 19,1 milioi gutxiago izango dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza politikan 2.743,9 milioi euro inbertituko ditu 2019rako Aurrekontu proiektuak, horietatik 1.295,5 milioi sare publikoaren funtzionamendua bermatzeko izango dira, eta 643,3 milioi itunpeko ikastetxeei ordaintzeko.
Ondorioz, sare publikoaren aurrekontu-sailak % 8,5 gora egin du 2018ko aurrekontuekin alderatuta. Aurten aurrekontu-saila 1.193,5 milioikoa da. Bitartean, itunpeko ikastetxeen kasuan gorakada txikiagoa izango da, % 3,2ekoa (2018an 523,3 milioi) hain zuzen ere.
Haurreskolak Partzuergoak 47,5 milioi euro jasoko ditu; aldi berean eskaintza pribatua zein udalek eskainitako plazak diruz lagunduko dituzte.
Bestalde, Osasun Sailak aurrekontu-sail handiena izango du 2019an, 3.800 milioi euro, aurten baino % 3,3 gehiago. Horrela, Osakidetzaren partidak % 4,4 gora egin du, 2.874 milioi. Osasun zentro pribatuen sailak, ostera, % 9,1 behera egingo du (228 milioi).
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurrekontu egitasmoa entregatu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Osakidetzaren kontratu-programak ia 122 milioi euro gehiago jasoko ditu. Osasun zentro pribatuek, aldiz, ia 23 milioi gutxiago.
Gainera, gizarte-inklusiorako diru-laguntzak mantentzen ditu 2019rako aurrekontu proiektuak. Gizarte-bazterketaren aurka borrokarako 497,9 milioi euro bideratuko ditu EAEko Exekutiboak.
Konkretuki, diru-sarrerak bermatzeko errentarentzako eta etxebizitzarako prestazio osagarriarentzako 470 milioi izango ditu Lanbidek.
Honenbestez, Jaurlaritzak aurten baino 19,1 milioi euro gutxiago xahutuko ditu diru-sarrerak bermatzeko errentan eta etxebizitzarako prestazio osagarrian, diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonen kopuruak behera egitea espero dutelako.
Azkenik, Emakunderen aurrekontuak % 8,6 gora egingo du datorren urtean, besteak beste, gizon-emakumeen arteko soldata arrakalaren kontra borroka egiteko.