Ekonomia -
Miaketak
Mercabilbao eta Mercairuñako handizkako enpresak iruzurragatik ikertzen ari dira
Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin lankidetzan, Carpo operazioa aurrera eraman dute fruta eta barazki sektorean. Guztira, 13 erkidegotako 75 saltoki miatu dituzte Estatuan.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Ogasuneko Zerga Ikuskaritza Zerbitzua Mercabilbaoko barazki eta fruta handizkako saltzaileak ikertzen ari da, iruzur fiskalaren zantzuak antzeman ondoren, Aldundiak gaur jakitera eman duenez.
Operazioan ikuskatzaileak, ikuskariordeak eta Foru Ogasuneko Kontu-ikuskaritza Informatikoaren agenteak parte hartzen ari dira. Enpresen ordenagailuetan zein kanpoko zerbitzarietan gordeta dagoen informazioa eskuratzen trebeak dira azken horiek.
Bulegoetan 08:00ak aldera sartu dira, eta miaketak “normaltasunez eta eraginkortasunez aurrera” eraman dituzte.
Enpresen jarduera ekonomikoaren errealitatea zehatz-mehatz ezagutzeko frogak eta informazioa biltzea du helburu operazioak.
Enpresetan epailearen baimenarekin sartu dira, Foru Ogasunak aldez aurretik eskura zuen informazioaren azterketa sakona egin ondoren.
Fruta eta barazki handizkako enpresek egindako erosketa eta salmenten kopuruan inkongruentziak antzeman dituzte, baita errentagarritasun eskasa ere.
Aldi berean, Nafarroako Zerga Ogasuna, Foruzaingoaren laguntzarekin, Mercairuñako zenbait dendatan sartu da, fruta eta barazkien handizkako merkataritzan ustez izan den iruzurra ikertzeko.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin lankidetzan, 'Carpo operazioa' aurrera eraman dute sektorean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Ikuskaritza zerbitzuko funtzionarioek eta foruzainek miaketak egin dituzte. Euskarri fisiko zein informatikoan material ugari atzeman dute, ondoren sakon aztertzeko.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziak makrooperaazioa abiatu du Estatu osoan, fruta eta barazkien handizkako merkatuetan iruzur fiskalaren aurka borroka egiteko. Guztira, 13 erkidegotako 75 saltoki miatu dituzte.