Ekonomia -
Auzitegi Gorenaren epaia
Amatasun diru-laguntzak itzultzeko formulario bat prestatu du Bizkaiak
Itzulpena eskatzeko, herritarrek orokorrean lau urteko epea izango dute, ekitaldiko PFEZren likidazioa egin zuten unetik zenbatzen hasita.
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte Segurantzak emandako amatasun eta aitatasun diru-laguntzen itzulpena eskatzeko formulario bat prest du Bizkaiko Foru Ogasunak dagoeneko. Diru-laguntzak PFEZ atxikipenetik salbuetsita daudela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak.
Eskaera-inprimakia Ogasuneko bulegoetan eta foru erakundearen webgunean eskuragarri dute herritarrek. Eskatzaileek datu pertsonalak bete (NAN, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa), diru-laguntza jaso zuten urte edo urteak zehaztu, eta agiria sinatu beharko dute soilik, Aldundiak gaur azaldu duenez.
“Erraz, hori besterik ez”, azpimarratu du Aitor Soloeta Bizkaiko Ogasunaren zuzendari nagusiak.
Itzulpena eskatzeko, herritarrek orokorrean lau urteko epea izango dute, ekitaldiko PFEZren likidazioa egin zuten unetik zenbatzen hasita. Adibidez, 2014 ekitaldiaren likidazioa 2015eko errenta kanpainan egin zen maiatza eta ekaina artean; ondorioz, ez da 2019ko maiatza-ekaina arte preskribatuko.
2014ko ekitalditik Bizkaiko zergapekoei emandako amatasun diru-laguntzen inguruko informazioa Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren eskutik jasotzeko zain direla azaldu du Bizkaiko Foru Ogasunak.
Informazio hori eskuan dutenean, eskatzaileen PFEZ aitorpenak berriz zenbatuko ditu Ogasunak, amatasun diru-laguntza deskontatuz eta aldea kontu korronteetan sartuz.
2018ko ekitaldian atxikitako zenbatekoei dagokionez, eskaerarik aurkeztea ez da beharrezkoa izango; izan ere, hurrengo errenta-aitorpenean likidatuko dituzte.