Ekonomia -

Euskal Aurrekontuak 2019

11.784,1 milioiko aurrekontua izango du 2019an EAEk, iaz baino % 3,6 gehiago

Ostiralean aurkeztuko dute Legebiltzarrean aurrekontu proposamena, baina EAJk eta PSE-EEk ez dute 2019ko kontu publikoak onartzeko babes nahikoa.

Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu. Argazkia: EFE
Jaurlaritzak aurrekontu proiektua aurkeztu du

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontuen proposamenak % 3,6ko igoera izan du, aurreko urtekoarekin alderatuta. Horrek esan nahi du 11.784,1 milioi euroko aurrekontua izango duela EAEk datorren urtean, eta diru horren % 77,9 gizarte gastura bideratuko dute.

Gaur bertan onartu du proiektua Eusko Jaurlaritzak, baina ostiralera arte ez dute Legebiltzarrean aurkeztuko. Han, EAJk eta PSE-EEk ez dute, oraingoz, 2019ko aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikoa.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak azaldu duenez, Osasun Sailak jasoko du diru gehien: 3.800,1 milioi euro, iaz baino 122,8 milioi gehiago. Hezkuntzara, berriz, 2.845 milioi bideratuko dituzte, 2018an baino % 4,5 gehiago.

Gainera, proiektu horren arabera, inbertsio publikoak % 7,4ko hazkundea izango du (orotara, 68,4 milioi), eta Euskal Administrazio Publikoko 90.000 langileen soldatek % 2,5eko igoera izango dute.

Azpiazuk nabarmendu du "aurrerapen sendo eta jasangarri" bat duen agertoki batean kokatzen direla Aurrekontuak, nahiz eta hazkunde horrek datorren urtean "desazelerazio leun" bat izango omen duen. Aurreikusitakoaren arabera, BPGak % 2,8ko igoera izango du aurten, eta % 2,3koa 2019an.

Gauzak horrela, proiektuak % 3,6ko igoera erakusten du, betiere, zorraren-amortizazioa eta Euskal Y-aren eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen eragina kontuan izan gabe. Azpiegitura horiek 103,4 milioi euroko aurrekontua dute. Hori dela eta, kontzeptu horiek aintzat hartuz gero, hazkunde orokorra % 2,6koa da.

Azpiazuk gogora ekarri du helburuen artean dagoela defizita % 0,1era arte murriztea 2019an, Eusko Jaurlaritzaren estrategia % 0ko defizita den arren. Proiektuan, baina 1.098 milioira iristen da zorraren amortizazioa, 2018an baino 15 milioi gutxiago.

Akordio posibleak

Pedro Azpiazuk baieztatu du, aurrekontuekin lotutako akordioa lortzeko bidean, ez diotela inori aterik itxiko. Are gehiago, "guztiekin lan egiten" saiatuko dira, 2019ko aurrekontuak 2018koak baino hobeak direla "konbentzitzeko".

Aurrekontu plana aurkezteko emandako prentsaurrekoan, Azpiazuk azaldu du, oraingoz, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren idatzizko proposamenak jaso dituela, eta horiek aztertzen dabilela Jaurlaritza.

Horrez gain, zehaztu du, ikuspegi sozial eta ekonomikotik, "politiketako asko" aipatu bi alderdien proposamenekin bateragarriak direla. "Eusko Jaurlaritzaren ekintza asko bat datoz EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako proposamenekin", esan du.

Elkarrekin Podemosi dagokionez, Azpiazuk argi utzi du Lander Martinezek astearte honetan egindako adierazpenek "aldaketa" erakutsi dutela alderdi horren jarreran.

EH Bilduri eta, ondorioz, koalizio horrek 350 milioi euroko pentsioak osatzeko egindako eskariari ere erantzun dio. Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik harago doan gai bat dela argitu du, baina ez du esan "bideraezina" denik.

Azkenik, Azpiazuren arabera, PPk ere ez ditu "ateak betiko itxi".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza EAE Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Aurrekontuak 2024