Ekonomia -

Epaia

Zein eragin izango du EAEn hipoteken gaineko Gorenaren epaiak?

Gorenaren irizpide aldaketak ziurgabetasun handia ekarri die EAEko kontsumitzaileei, ez baitakite sententziak beraiengan eragina duen eta gasturen bat erreklamatu behar ote duten.

Etxebizitza baten erosketa-gastuak
Etxebizitza baten erosketa-gastuak
Etxebizitza baten erosketa-gastuak

N.B. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekitaldi Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga erreklamatu al dut? Zer jakin eta zer egin behar dut? Nori erreklamatu behar zaio? Galderok zalantza asko piztu dituzte atzo, osteguna, Auzitegi Gorenak Ekitaldi Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren inguruko doktrina aldatu eta hipoteka bat sinatzean ordaindu beharreko zergak bezeroek barik bankuek ordaindu behar dituztela ebatzi ostean.

Den den, Gorenaren erabakiak eragin murriztuagoa izango du EAEn lehen etxebizitza edo ohiko etxebizitza salbuetsia baitago. Bigarren edo hirugarren etxe bat edo lonjaren bat erosten dutenek, berriz, bankuarekin adostutako maileguaren % 0,5ekoa ordaindu behar dute, eta hortaz, hemen dago zalantza nagusia.

Doktrina aldaketak EAEko ogasunen gain eragina izango ote duen duen aztertzen ari direla esan diote ogasuneko iturriek eitb.eus-i; lurralde bakoitzeko foru arauak ezartzen baitu nork ordaindu behar duen zergapeko egitatea.

Estatu mailan, banketxeetako patronalek agiria atera dute Gorenaren sententzia "zerga kontua" dela azaltzeko, eta "zerga horrengatik bezeroen dirurik ez dutela jaso" argitzeko, eta beraz, ez dira bankuak "diru hori itzuli" behar dutenek. Hala ere, hemendik aurrera "Auzitegi Gorenak ezarritako irizpidea beteko dutela" iragarri dute.

Espainiako Ogasun Ministerioa ere, sententziaren nondik norakoak ikertzen ari da doktrina aldaketaren ostean hartu beharreko jarrera zehazteko.

2015eko abenduan, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen hipotekengatik ordaindu beharreko gastu guztiak kontsumitzaileengan erortzeak "desoreka nabarmena" eragiten duela, baina aurten otsailaren 28an irizpidea aldatu zuen eta hipoteka bat sinatzean bankuek barik bezeroek ordaindu behar zituztela ebatzi zuen. Azkenik, atzo, 2015eko irizpidea itzuli zen.

Hori horrela, sententziak jurisprudentzian sortutako "bira erradikala eta eragin ekonomiko eta soziala" ikusita, Gorenak atzera egitea erabaki du ostiral honetan. Luis Maria Diez-Picazo Goreneko epaileak jakitera eman duenez, aztertuko dute epaia ezartzen duten edo ez, eta bien bitartean, Gorenean aurkeztutako helegite guztiak bertan behera utziko dituztela iragarri du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abokatuak