Ekonomia -
Hezkuntza publikoa
Haurreskolen zerbitzua doakoa izango da 18.000 eurotik beherako errententzat
Gainera, haur eskola horietan matrikulaturiko bigarren neba-arrebek eta ondorengoek, doan izango dute zerbitzua.
eitb.eus
Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua doakoa izango da 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. Gainera, haur eskola horietan matrikulaturiko bigarren neba-arrebek eta ondorengoek, doan izango dute zerbitzua.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Larrañaga Partzuergoko kudeatzaileak prentsaurrekoa eman dute ostegun honetan, Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak gaur, Gasteizen, egindako bileraren nondik norakoak azaltzeko.
Eguneko gai zerrendako puntu nagusien artean, hileko kuotak kudeatzeko arautegiari dagokion akordio-proposamena aztertu du Zuzendaritza Batzordeak; alegia, Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua erabiltzen duten familiek egun ordaintzen dituzten kuotetan aldaketa egitea.
Aurkezturiko proposamena aho batez onartu du Zuzendaritza Batzordeak, eta honako aldaketak jasotzen ditu:
Haurreskolak Partzuergoak ematen duen zerbitzua doakoa izatea, urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. Gainera, doakotasuna, Haurreskolak Partzuergoan aldi berean matrikulatuta dauden bigarren neba-arrebentzat eta ondorengoentzat izango da.
Egungo matrikulazioa aintzat hartuta aztertuz gero, 500 familia baino gehiagori mesede egingo die doakotasun hori, egun zerbitzua darabilten familien % 11 ingururi, alegia. Bestalde, 77 familiak dituzte une honetan bi seme-alaba matrikulaturik gutxienik Partzuergoko haur eskoletan. Familia horiek kuota bakarra ordaindu beharko dute, beraz.
Era berean, izen-ematea egiteko unean ordaindu behar izaten zen aurretiazko kuota ere kendu egin da. Dagoeneko familiek ez dute 91 euro horiek aurreratu beharrik izango, izena ematerakoan.
Neurri hauek guztiak 2019ko urtarrilaren lehen egunean sartuko dira indarrean, eta une horretarik aurrera onuradun izango dira bai matrikulazio berriak, bai dagoeneko Haurreskolak Partzuergoaren baitako haur eskolen erabiltzaile direnak.