Ekonomia -
GARRAIOA
Bilboko Udala Uberren ordezkariekin bilduko da
Dena dela, Bilboko Zirkulazio eta Ingurumeneko zinegotziak taxiaren zerbitzua beste edozein negoziok ezin duela eskaini adierazi zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfonso Gil Bilboko Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotziak Udalak Uberren ordezkariak hartuko dituela iragarri zuen prentsaurreko batean, baina “taxiak ematen duen zerbitzua baino ezin du eman”, nabarmendu zuen. Egun, alokairuko auto txoferdunak eta taxilarienak “elkarrekin” dabiltza Bilboko kaleetan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateari eta Eneko Goia Donostiako alkateari gutun bana bidali zien ostiralean alokairuko auto txoferdunak Internet bidez kudeatzen duen enpresak, bi hirietarako dituen planak azaldu ahal izateko bilera bat eskatzeko.
Bilboko Udalak elkartearekin batzeko proposamena onetsi zuen, eta Gilek hartuko dituela erantzun zien. “Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailarekin ofizialki batzeko eskaeraren zain gaude, beraiekin hitz egiteko”, azpimarratu zuen zinegotziak.
Euskadin, sektorea babesten duen Taxiaren Legea dago, apirilean onartu zuten errege dekretuaz gain. Gilek “lege marko horrekin fidelak” izango direla esan zuen.
Zinegotziaren esanetan, Bilboko Udalak egun indarrean dagoen araudia beteko du, “hiriko kaleetan istiluak ez egoteko”; izan ere, Madrilen eta Bartzelonan izan diren moduko liskarrak izatea saihestu nahi du.
Uberrek bere “asmoen katalogoa” azaldu beharko dio Udalari, Gilen arabera.
Zinegotziaren aburuz, hiriko egunerokotasunarekin bateragarri egin beharko ditu Uberrek bere zerbitzuak. “Alokairuko auto txoferdun batek pertsona bat hartzea eta Bizkaian zehar eramatea eta taxien zerbitzua bateragarriak izan daitezke. Bateragarri ez dena da taxilariek eskaintzen duten zerbitzu berdina eskaintzea”, azaldu zuen.