Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat zauritu da Igorreko zabortegian edukiontzi baten barrura jausi ostean
Hustuketa lanetan zebilen zabor-bilketako kamioiaren gidaria barrura jausi da, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Galdakaoko Ospitalera eraman dute.
EiTB.EUS
Langile bat zauritu da gaur Igorreko zabortegian (Bizkaia) edukiontzi baten barrura jausita, Udaleko eta Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.
Iturrion arabera, lan ezbeharra 11:30ean jazo da, Igorreko Urkizu auzoan dagoen zabortegian.
Durangoko Mankomunitateko zabor-bilketako kamioiaren gidaria hustuketa lanetan ari zen, eta argitu gabeko arrazoiak tarteko, edukiontzi barrura jausi da bi metroko altuera batetik.
Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat bertaratu dira istripuaren lekura. Suhiltzaileek atera dute langilea edukiontzi barrutik, eta helikopteroz eraman dute Galdakaoko Ospitalera. Iturrion esanetan, ez da larri zauritu.