Ekonomia -
Lan gatazka
Bigarren greba eguna dute gaur itunpeko euskal ikastetxeetan
Gizarte ekimeneko zentroetan ordezkaritza duten sindikatuek (ELA, Steilas, LAB, UGT eta CC.OO.) ohartarazi dutenez, mobilizazioak gogortuko dituzte patronalak negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu.
Agentziak
EAEn gizarte ekimeneko 190 itunpeko zentroetan lan egiten duten 9.800 profesionalak grebara deituta daude gaur, bigarren egunez asteon, euren lan baldintza hobetzeko asmoz. Lan gatazka joan den ikasturtean abiatu zen (hiru greba egun egin zituzten orduan ere) eta 120.000 ikasleri eragiten dio.
Atzo lanuzte eguna izan zuten, eta beharginen % 65ek egin zuten bat deialdiarekin, sindikatuen arabera; patronalaren arabera, jarraipena % 34koa izan zen.
ELA, Steilas, CC.OO., LAB eta UGT sindikatuak pozik azaldu ziren jarraipenarekin, eta ziurtatu zuten Kristau Eskolak eta AICE-IZEIk jarrera aldatzen ez badute, mobilizazioei eutsiko dietela. Hartara, litekeena da azaroan beste lau greba egun izatea: hilaren 27an, 28an, 29an eta 30ean, hain zuzen.
Sindikatuen eskaerak
Langileen ordezkariak eta patronalak azaroan bildu ziren azkenekoz. Sindikatuek gogorarazi dutenez, ia 10 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe.
Hori horrela, soldatak eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute. Izan ere, euren hitzetan, % 1eko soldata-galera eta lan-karga "izugarria" dute.
Besteak beste, honako eskaerak plazaratu dituzte: langileen erosahalmena berreskuratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezitzaileen soldata parekatzea, enpleguari eusteko akordioa hitzartzea, eta jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz itxi daitezkeen ikasgelen ondorioz gal daitezkeen postuak mantentzea.
Kristau Eskola: 'Jaurlaritzarekin negoziatzen ari gara'
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako ordezkariak "inmobilismoa" ukatu eta gogorarazi du sindikatuak altxatu zirela negoziazio mahaitik. Argitu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin finantzazio igoera bat negoziatzen ibili dira tarte honetan. "Aurrena Jaurlaritzarekin negoziatuko dugu, eta gero, sindikatuekin", nabarmendu du.
Gizarte ekimeneko zentroak itunpeko ikastetxeen % 70 dira. Ikastolak ez daude horien barruan.