Ekonomia -

Aurrekontuak 2019

Jaurlaritzak proposamen zehatzagoa eskatu dio EH Bilduri, eta errealistagoa Podemosi

2019ko Aurrekontuen negoziazioak abiatu ditu Azpiazu sailburuak EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiekin, eta Erkorekaren iritziz, "elkarrizketaren aldeko jarrera" erakutsi dute guztiek.

Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Erkorekak esan du Podemosek aurkeztutako neurriak ez direla oso errealistak

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Aurrekontuen negoziazioaren harira, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak proposamen zehatzagoak eskatu dizkio EH Bildu alderdiari. Bestalde, Erkorekak esan du Elkarrekin Podemosek aurkeztutako 15 neurriak ez direla oso errealistak.

Modu horretan erantzun die bi alderdi horiek egindako proposamenei. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk gutxienez alderdi horietako baten babesa behar dute datorren ikasturteko kontuak onartzeko.

Gauzak horrela, Jaurlaritzak gaur bertan izandako bileraren ostean, prentsaurrekoa eman du Erkorekak. Bertan, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak oposizioko taldeekin izandako batzarren nondik norakoak argitu ditu.

Orain arte, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiekin bildu da, eta bihar PPrekin du hitzordua. Azken horrek argi utzi du, ostera, EAJk, Autogobernuaren aferan, EH Bildurekin lortutako akordioa atzera bota ezean, ez dituela Aurrekontuak babestuko.

Azpiazuk PPri buruz duen iritziaz galdetuta, Erkorekak erantzun du "orain arte alderdi guztiak agertu dira elkarrizketaren alde". Horregatik, positibotzat jo du hiru alderdien jarrera, eta adierazi du Jaurlaritzak proposamen guztiak aztertuko dituela "errealistak eta bideragarriak" diren ala ez jakiteko.

Esan bezala, Elkarrekin Podemosen proposamenak jaso berri ditu Azpiazuk, eta EH Bildurenak aurki iritsiko omen zaizkio. Dena den, atzo bertan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak bi abstentzio eskaini zizkion baldin eta "pentsio baxuenak osatzen badituzte", "kalitatezko enplegua sortzen badute" eta "lan munduan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunekin bukatzen badute".

Ildo horretan, Erkorekak zehaztu du puntu horiek orokorregiak direla, eta EH Bildu aldaketa sozialari buruz ari dela hizketan, kontuan izan gabe aurrekontu proiektua "nagusiki soziala" dela.

Hori dela eta, zehatzagoa izateko eskatu dio Otegiren alderdiari, Jaurlaritzaren helburuetako bat kalitatezko enplegua sortzea dela argudiatuta. Halaber, nabarmendu du Euskadi dela pentsioak gehien osatzen dituen autonomia erkidegoa, guztira 10.000 lagunengana iristen direlako diru-sarrerak bermatzeko errentari esker.

Elkarrekin Podemosek egindako eskariari dagokionez, oraindik ez dute sakontasunez aztertu, baina hasiera batean, behintzat, proposamen horiek aintzat hartuz gero, aurrekontuek 1.500 milioi euroko hazkundea izan beharko luketela azaldu du Erkorekak. "Horrek sekulako eragin ekonomikoa izango luke", gaineratu du. Beraz, badirudi Podemosen proposamena ez zaiela bideragarria iruditu, nahiz eta negoziatzeko prest agertu diren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi