Ekonomia -
Mobilizazioa Donostian
'Suminari eta borrokari' eustearen alde egin dute Gipuzkoako pentsionistek
"Gutxienez 1.080 euroko pentsio duinak" aldarrikatu dituzte Donostian izandako martxa batean, "adinekoei bizitza duina bermatu diezaieten".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2.000 lagun inguru bildu dira larunbat honetan Donostian, Gipuzkoako Adineko Elkarteen Plataformak deituta, "gutxienez 1.080 euroko pentsio publiko duinak" eskatzeko. Gainera, "sumintasunari eta borrokari" eusteko deia egin dute.
Martxan zehar hainbat lelo izan dira ikusgai, besteak beste, "1.080 euro baino gutxiagoko pentsiorik ez", "Hemen bizi, hemen erabaki", edo "Pentsio duinen alde". Manifestazioa 17:30ean hasi da, Alderdi Ederreko lorategietan, eta Boulevardean amaitu. Manifestariek salatu dutenez, "bizitza osoa" eman dute lan egiten, eta orain "pobrezia besterik" ez zaie geratzen.
Mobilizazioaren amaieran, antolatzaileek manifestua irakurri dute esanez "adinekoei bizitza duina" bermatu behar zaiela, eta "pentsioen erosteko ahalmena" mantendu behar dela. Gainera, "epe ertainera eta luzera", pentsio publikoen sistema publikoa aldarrikatu dute. "Gezurretan ari dira dirurik ez dagoela diotenean. Pentsioak ezin dira egon pobrezia-atariaren azpitik. Suminari eta borrokari eutsi behar diegu", ondorioztatu dute.
Donostian izandako manifestazioaren burua. Argazkia: Euskadi Irratia