Ekonomia -
Aurrekontuak 2019
EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin hasi ditu Aurrekontuen negoziazioak EAJk
Urkulluk aurreratu du Jaurlaritzak hasi dituela dagoeneko Aurrekontuen negoziazioak, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos aldediekin bilduta. PPrekin, ordea, telefonoz soilik hitz egin du.
Agentziak | erredakzioa
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak hasi ditu jada Euskadiko 2019ko Aurrekontuen negoziazioak, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiekin bilduta.
Gauzak horrela, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak akordio posibleei buruz galdetu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari.
Autogobernurako akordioa EH Bildurekin adosten duten bitartean, PPk argi utzi du ez dituela Aurrekontuak babestuko. Horregatik, PPrekin akordioak hitzartzeko garaia bukatu dela gogorarazi dio Martinezek EAJri.
Era berean, Elkarrekin Podemosek Aurrekontuak negoziatzeko beldurrik ez duela esan dio Urkulluri. Horretarako, Unidos Podemosek Pedro Sanchezen Gobernuarekin duen "harremana" aintzat hartzea proposatu dio, alegia, "titular handirik gabeko eta autogobernuaren gaia alde batera uzten duen negoziazioa" abiatzea.
"Gizarte politikan 180 graduko aldaketa nahi dugu". Hitz egin dezagun enpleguari, osasunari eta Naval ontziolari buruz. Zuen esku dago, eta porrotaren erantzukizuna zuena bakarrik izango da", adierazi du.
Lehendakariak, bere aldetik, "aurrekontuekin hertsiki" lotuta egongo den negoziazioa izango dela, eta Jaurlaritza alderdi guztiekin hitz egiteko prest dagoela azpimarratu du. Ildo horretan, Urkulluk argitu du Ogasun sailburuak proiektuaren lerro nagusiak aurkeztu dizkiola Martinezi.
Bukatzeko, azaldu du EH Bilduk ere ezagutzen dituela proiektuaren nondik norakoak. PPrekin, ostera, telefonoz soilik hitz egin du.
Inbertsioak % 7 igoko dira aurrekontuetan
Alberto Alberdi Ekonomia sailburuordeak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 2019rako prestatu duen aurrekontu proiektuan inbertsioak % 7 igoko dira.
Alberdik lege-proiektuaren hainbat zifra aurreratu ditu gaur Bilbon Deustuko Unibertsitateak banketxeekin antolatutako jardunaldi batzuetan.
Alberdiren esanetan, aurten zerga-kontsolidazioaren alde egingo du Gobernuak, hau da, defizita zeroan mantentzearen alde.
Sailburuordeak ez ezik, Iñigo Urkullu lehendakariak ere aurrekontu proiektuaren inguruko iragarpena egin du, Eusko Legebiltzarrean. Jakinarazi duenez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileek langile publikoek besteko igoera izango dute, hots, % 2,25ekoa.
Alberto Alberdi Ekonomia sailburuak Bilbon azaldutakoaren arabera, Jaurlaritzak "zerga-kontsolidazioaren alde" egingo du, baina era berean, "ekonomiaren hazkundea bultzatzeko faktoreak babestuko ditu: berrikuntzan % 5 gehiago gastatzea, inbertsioak % 7ra igotzea eta giza kapitala hobetzea, batez ere Hezkuntza alorrean".
Zorpetzea kontrolatzea ere izango dute xede, "Zorra nabarmen jaitsi dugu, eta horrenbestez, hobeto prestatuta gaude interes tasen balizko igoera baten aurrean", nabarmendu du Alberdik.