Ekonomia -
Langabezia
118 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian irailean
EAEn behera egin du langabeziak (569 pertsona); Nafarroan, berriz, gora (451). Guztira, 156.152 langabe daude.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako enplegu zerbitzu publikoetan izena emandakoen kopuruak behera egin du irailean; zehazki, abuztuan baino 118 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Guztira, 156.152 pertsona daude lan barik Hego Euskal Herrian.
Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur argitaratutako datuen arabera, joera ezberdina eduki dute EAEk eta Nafarroak. Abuztuko datuekin alderatuta, Euskadin jaitsi egin da (569 pertsona, % 0,46); Nafarroan, aldiz, igo egin da (451 pertsona, % 1,38).
2017ko irailarekin erkatuta, beheranzko joera izan du bietan: EAEn, 9.009 pertsonak eskuratu dute lanpostua (% 6,82 egin du behera langabeziak); Nafarroan, 2.180k (% 6,18ko jaitsiera).
Lurraldeka, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia. 481 langabe gutxiago zenbatu dituzte, abuztuan baino % 0,67 gutxiago. Guztira, 70.895 pertsona daude lan barik.
Araban, 47 pertsonak topatu dute lana azken hilabetean (% 0,23ko beherakada), eta 19.994 langabe daude.
Gipuzkoan, 41 langabe gutxiago zenbatu dituzte (% 0,13). Guztira, 32.148 pertsona daude lan barik lurralde horretan.
Espainiako Estatuan, gora egin du langabeziak, eta abuztuan baino 20.441 langabe gehiago zenbatu dituzte (denetara, 3.202.509 pertsona dabiltza lan bila). Historikoki, igo egin ohi da langabezia irailean, baina oraingo honetan apalagoa izan da igoera, eta 2014az geroztik izandako irailik onena izan da honakoa.
Gizarte Segurantzan izena emandakoei dagokienez, bilakaera positiboa izan da azken hilabetean Hego Euskal Herrian. Abuztuan baino 4.637 afiliatu gehiago zenbatu dituzte. Hala, 1.221.387 okupatu daude guztira.
Eusko Jaurlaritzaren iritzia
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, euskal ekonomiak dituen "hobekuntza sintomen" adierazle dira langabezia datuak, eta kontratu mugagabeen kopurua hazi egin dela nabarmendu du (% 22,14, 2018a hasi zenetik).
"Kontratazioan egonkortasun gehiago lortu dugu, eta horrek kalitate handiagoko enpleguaren bidean jarri gaitu", esan du.
Dena dela, emakumeen artean eta 44 urtetik gorakoen artean dagoen langabezia tasa aipatu ditu alderdi negatibo moduan. Azaldu duenez, langabeen % 49,9 adin horretatik gora daude. Era berean, kezkagarritzat jo du formazio gutxi duten edota lan barik denbora luzea daramatenen kopurua.