Ekonomia -
Mobilizazioak
Pentsiodunek gaurko deitu dituzten manifestazioen ordutegiak
Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, 'zahartzaro duina' eta pentsio sistema publiko bat aldarrikatzeko deia egin diete Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek adin guztietako herritarrei.
EITB.EUS
Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, pentsiodunak kalera atera dira "zahartzaro duina" eta pentsio sistema publikoa aldarrikatzeko.
Besteak beste, "1.080 euroko gutxieneko pentsioa" eta legez KPIaren araberako igoera arautzea eskatu dute berriro ere. Bilbon eta Iruñean manifestazioak egin dituzte goizean, eta Donostian, berriz, larunbatean (urriak 6) izango da. Dena dela, Gipuzkoako zenbait herritan mobilizazioak egin dituzte eguerdian. Gasteizen, ostera, arratsaldean egingo dute manifestazioa.
Bilbon, eguerdian egin dute manifestazioa: Moyua plazan hasi eta udaletxe aurrean amaitu da.
Gasteizen, ordea, arratsaldean egingo dute pentsio duinak aldarrikatzeko manifestazioa. 19:00etan ekingo diote ibilbideari, Frantzia kalean (Artium Museoaren parean), eta Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko dute.
Iruñean, eguerdian egin dute manifestazioa, Sarasate pasealekutik abiatuta.
Donostian, berriez, larunbatean (urriak 6) izango da pentsio duinen aldeko manifestazioa. Gipuzkoako zenbait herritan, baina, mobilizazioak egin dituzte astelehenean, eta eguerdian ohikoa den elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren.