Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Navalentzat 'Alexia' ontzia amaitzea arnasgunea izango litzateke', Lozaren aburuz

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak nabarmendu duenez, 'ontziola erreskatatzea ez da bideragarria, baina armadoreari lagun diezaiokegu ontzia buka dezan'.

Loza, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Argazkia: EiTB
Jesus Loza Radio Euskadin. EiTB
Loza, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Naval Sestaoko ontziola diru publikoz erreskatatzea baztertu du, eta egoera "zaila" dela aitortu. Van Oord armadorearen Alexia ontzia bukatzearen alde egin du politikariak, hori ontziolarentzat "arnasgunea" izango litzatekeelako.

Ontziolako enpresa batzordearekin bildu eta biharamunean, elkarrizketa egin diote Lozari Radio Euskadin. Bertan, atzo sindikatuek eskatutako erreskatea ez dela "bideragarria" azpimarratu du, eta beste konponbide bat proposatu du.

Lozaren esanetan, "Alexia ontzia Sestaon amaitu behar da, eta tarte horretan inbertitzaile bat aurkitu behar dugu". Horren ildoan, armadoreari ontzia amaitzeko laguntzak emateko prest agertu da, betiere Europar Batasunak ezartzen dituen baldintzak errespetatuta.

Politika gaiak hizpide, "talde batzuek demokraziaren aurka" egiten dutela kritikatu du, Pedro Sanchezen ministro batzuen kontrako salaketak aipatuta. "Estrategia horrek min egingo dio sistemari", deitoratu du.

ETAko presoen lekualdatzeen inguruan galdetuta, Lozak esan du "gehiago" egongo direla, baina "zuhurtziaz" jokatuko dutela. Ingurumaria horretan, esker ona adierazi die biktimen elkarteei, Sanchezen Gobernuarekin eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarekin "konfiantza" izateagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana berriak Espainiako Gobernua Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea La Naval azken ordukoa