Ekonomia -
Lan gatazka
ELAk positibotzat jo du lehen greba eguna Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
ELA sindikatuak soldata igotzea eta lan baldintzak hobetzea eskatu du, baina eskakizunetako batzuk 'ez dira onargarriak', patronalaren ustez. Beste 16 egunetan ere greba deitu du sindikatuak.
Agentzia | Erredakzioa
Gipuzkako adinekoen egoitzetan lehen greba eguna izan dute ostiral honetan. ELA sindikatuak balorazio "oso positiboa" egin du eta Adegik jarraipena "urria" izan dela esan du.
Lan-hitzarmen berria negoziatzeko eta adosteko benetako borondaterik ez dagoela iritzita, 17 greba egun deitu zituen sindikatuak. Gaurkoa lehendabizikoa izan da, eta % 50eko gutxiengo zerbitzuak ezarri dituzte; % 60koak, puntako orduetan.
Langileek elkarretaratzea egin dute goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Donostian. Ehun bat behargin bildu dira bertan.
Txomin Lasa ELA sindikatuko ordezkariak ere han izan da, eta une horretan jarraipenari buruzko datu zehatzik ez zuela esan du, baina hainbat egoitzetan langileen % 100enak lanuztea egin duela azpimarratu du.
Adegiren hitzetan, berriz, jarraipena "urria" izan da eta "egoitza jakin batzuetan izan du eragina". Negoziazio mahaian ordezkatzen dituen enpresetan egindako zundaketen bidez jasotako datuetan oinarritu dela erantsi du.
Halaber, enpresen eta langileen aldeko itunak egiteko lanean jarraitzeko borondateari eusten diola nabarmendu du.
Txomin Lasak, ostera, gogora ekarri nahi izan du lanuztea ELAk soilik deitu duela –gehiengoa du sektore horretan-. LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin harremanetan izan zirela, baina zentral horiek, arrazoi ezberdinak tarteko, grebara ez jotzea erabaki zutela adierazi du.
Hala ere, "% 60tik gorako ordezkaritza dugula kontutan hartuta, lehen urratsa ematea gure ardura zela ulertu genuen, betiere eskua luzatuta, baina sektore honetan oso indartsuak garela jakinda", azaldu du.
"Bi urte daramatzagu, eta oraindik ez da hitzarmenaren benetako negoziaziorik eman; langileak nazkatuta daude eta duintasun pixka bat exijitzen dute, lan-baldintzak eta soldatak hobetzea, hain zuzen ere", azpimarratu du Lasak.
Horrez gain, lan-gatazka honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak inplikatu egin behar duela esan du, "zerbitzuaren % 90 bere kontratupean dagoelako". Diputazioak sektore horretan 5.000 langile inguru dituela kontuan hartuta, "ezin du beste alde batera begiratu".
Bestalde, UGTk datorren astelehenean Lan Harremanen Kontseiluan deitu duen bileran ELA ere izango dela jakinarazi du Lasak. Alabaina, aitortu du ez dakiela zein den sindikatu horren benetako asmoa. "Argazkia soilik bilatzen baldin badu, gu ez gara haiekin egongo. Proposamen serioekin bakarrik joango gara", ohartarazi du.
Eskakizunak
Sindikatuak lan baldintzak hobetzea eta soldatak % 3 igotzea (igoera bi urtean aplikatzekoa) eskatu du. ELAren arabera, sektore honetan % 30eko "soldata arrakala" dago. Sindikatu abertzaleak "akordio bakarra eta bi esparruetako (sektore eta enpresa aldi berean) hitzarmen kolektiboen sinadura bakarra" eskatu ditu.
Garen patronalaren arabera, "ez da zilegi" enpresa batzuek adostuta dituzten baldintzak oinarri gisa hartzea eta hobekuntzak horietatik abiatuta eskatzea.
Ostiral honetakoa ez ezik, 16 egun gehiagotan ere deitu dute greba: urriak 24, 25 eta 26; azaroak 26, 27, 28, 29 eta 30; abenduak 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31.