Ekonomia -
Abiadura handiko trena
AHTn 'atzerapenak' onartu ditu Tapiak, baina proiektua 'geldi' dagoenik ukatu du
2023an AHT martxan egotea “posible” dela uste du sailburuak, baina Gobernu zentralaren aldaketarekin “geldialdi txiki” bat izan dela onartu du.
Agentziak | Erredakzioa
Gobernu zentralaren aldaketarekin abiadura handiko trenaren (AHT) egitasmoa “geldirik” dagoenik ukatu du gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapenerako sailburuak, baina “bi edo hiru hilabeteko atzerapen” bat onartu du. Hala ere, 2023an azpiegitura Euskadira iristea espero du agintariak. “Une honetan ez dago geldialdirik”, errepikatu du.
Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako Batzordean agerraldia egin baino lehen, Eusko Legebiltzarrean prentsaurrekoa eman du sailburuak. Mugikortasun jasangarriarekin Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa agertu nahi izan du Tapiak.
2023an AHT martxan egotea “posible” dela uste du sailburuak, baina Gobernu zentralaren aldaketarekin “geldialdi txiki” bat izan dela onartu du. Proiektuaren tamaina kontutan hartuz gero bi edo hiru hileko atzerapen bat esanguratsua ez dela uste du Tapiak.
EAEko trenbide tartearen “lehentasunezko” izaera azpimarratu zuen Violeta Bulc Europar Batasuneko Garraio komisarioak iragan astean. Bulcen hitzak “begi onez ikusi, baina ezustekorik gabe” hartu dituela esan du Tapiak. “Babes irmoa” eman zion EBko ordezkariak egitasmoari, lurraldeak lotzeaz gain, Europar Batasunarentzako garrantzitsua delako.
Sailburuak gogorarazi duenez, EAEko Exekutiboa tren garraioa mugikortasun sistema integralean “lehentasuna” izateko lanean ari da. Trenbideak garraio publikoaren “egiturazko ardatza” izan behar dira, erantsi duenez.
Helburu hori Mugikortasun Jasangarriaren Legean barneratuko du Eusko Jaurlaritzak. Urtea bukatu baino lehen arauaren tramitea hastea espero du Tapiak.