Ekonomia -
Mobilizazioa
'Pentsio duinak' aldarrikatzeko urriaren 1ean manifestazioa deitu dute pentsiodunek
Pentsiodunen elkarteek hitzordua prestatzeko bilera egin dute Gasteizen. Batzarra bukatu ondoren agiri bat argitaratu dute, “zahartzaro duin bat” eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
“Pentsio duinak” eta “dependentziari arreta hobeago” bat ematea eskatzeko urriaren 1eko manifestazioan, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, parte hartzera deitu dute gaur Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek.
Pentsiodunen elkarteek hitzordua prestatzeko bilera egin dute gaur Gasteizen. Batzarra bukatu ondoren agiri bat argitaratu dute, “zahartzaro duin bat” eskatzeko. Horretarako, pentsio sistema publikoa defendatzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa beharrezkoak direla uste dute.
Legez KPIren araberako igoera bat arautzea aldarrikatu dute, eta lan zein pentsioen erreformak baliogabetzea eskatu dute; horiek pentsio duinak eragozten dituztelako.
Gainera, 1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata eta dependentziaren arretak dituen beharrizanak asetzea eskatu dute.
“Aitzakiarik” eta “barkamenik” onartuko ez dutela ohartarazi dute pentsiodunek. Bankuak erreskatatzeko edo “obra erraldoietan sarritan dirua xahutu dute”, eta aldi berean, pentsioentzako zentimorik ez izatea salatu dute.
Ondorioz, pentsio publiko duinak eta dependentziari arreta hobeago bat ematea bermatzeko eskatu diete Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen elkarteek Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Exekutibo zentralari.
Lortu arte mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute. Urriaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Iruñean izango diren manifestazioetan parte hartzera deitu dute, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.
Gipuzkoan, urriaren 1ean mobilizazioak herrietan egingo dituzte; Donostian, ordea, urriaren 6an izango da manifestazioa.