Ekonomia -
Elektrizitatea
Espainiako Gobernuak elektrizitatearen merkatua eta zerga-sistema aldatuko du
Argindarraren prezioak urteko mailarik altuena harrapatu du gaur berriro handizkarien merkatuan, 75,93 euro ordaindu behar baitira megawatt orduko.
Agentzia | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak sistema elektrikoa aldatzeko erreforma estrukturala proposatuko duela iragarri du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak. Erreforma horrek aldaketak ekarriko ditu merkatuan bertan eta zerga-sisteman.
Ministroak jakitera eman duenez, hainbat ministerio lanean ari dira jada, lehenik eta behin, biztanleriaren sektore ahulena babesteko, 4,6 milioi herritar pobrezia energetiko egoeran baitaude.
Halaber, Gobernuak "arazoa agudo eta epe laburrean konpontzeko plana" aurkeztuko duela esan du, "beharrezkoa den eraldaketaren bide egokia hartzeko" neurriak proposatuko dituztelako.
Ildo horretan, erreforma estrukturala aurrera eramango dutela adierazi du; izan ere, bestela, "zaila izango da gauza hauek modu sendoan eta egonkorrean aldatzea".
"Trantsizio energetikoaren prozesua bukatu behar dugu, prezio egonkorra (aurretik ezagutu daitekeena) zentzuzkoa eta elektrizitatean zero kostu operatiboa daukana lortzeko, eta, ondorioz, sistema guztiz berriztagarria eta eraginkorra lortzeko", esan du. "Bide hori egin behar dugu eta hori da Gobernuaren erantzukizuna", gaineratu du.
Antza, merkatuaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak egin beharko dituztela azaldu du Riberak. Horrela, "berehalako eraginkortasuna" izango duten neurriak hartuko dituzte funtzionamendu orokorra aldatzen joateko, sektoreak "etorkizun bikaina" baitauka trantsizio energetikoan.
Hala ere, ministroak ez ditu neurriok zehaztu, eta arratsaldean agerraldia egingo du Trantsizio Ekologikoaren Batzordean, elektrizitatearen prezioaren igoerari aurre egiteko Gobernuaren neurriak azaltzeko. Gaur, argindarraren prezioak urteko markarik altuena lortu du berriro ere handizkarien merkatuan, 75,93 euro ordaindu behar baitira megawatt orduko.